"Praktika demokratikoa"

Erabiltzailearen aurpegia

Iñigo Louvelli Nieves dut, bai, izena eta izana.

Gaztetan gazte-mugimendu independentistari lotua, bide horretatik hasita preso politikoen aldeko mugimenduan eta euskalgintzan jorratu dut, besteak beste, herri honekiko nire konpromisoa. Beraz, ezagutzen nauen orok badaki ezkertiarra eta abertzalea naizela, ezker abertzalekoa. Haatik, ez dut "komisario politiko" adjektibo hori gustuko; izango da nire belarrietara komisario hitz horrek "komisaldegitik" kutsu gehiago duelako, eta jakingo duzue, zuen eskutan egon baitira haietako batzuk 30 urte luzez, nik bezala pentsatzen dugunok esperientzia oso atseginak ez ditugula izaten horrelakoetatik pasatzean. 

Baina egin dezagun berba etika demokratikoaz. Diozue, eta arrazoi duzue horretan, nire izena ez zela Bilduko zerrendatan agertzen eta, ondorioz, iruzur egin omen diogula aretxabaletarrei. Baina, beharbada, aretxabaletarrek jakin beharko lukete benetan non egon den iruzurra eta zergatik ni bezala beste milaka euskal herritarrek ezin izan ginen aurkeztu zerrenda horietara (eta, bai, proposamena jaso eta onartuta neukan zerrendan joateko). Hain zuzen ere, zeuen eta zeuen modukoen etika demokratiko horregatik eskubide zibil eta politikoez desjabetu nauzuelako, "ilegal", "kutsatu", "kontaminatu" eta "zikin" bihurtu gaituzuelako ni moduko hainbat euskal herritar. Horren jakitun, orain guri iruzurra aurpegiratzea, zuen etika demokratikoaz asko esateaz gain, apartheid politiko horren erantzule ere bilakatzen zaituztete. 

Izan ere, ezker abertzalea erakundeetatik kanpo edukitzerakoan eroso sentitu zarete (eta hala ere, erakundeetan ez egotea kritikatu izan diguzue). Orain, erakundeetara bueltatu garela, urduri zaudete eta nago, faltan botatzen dituzuela zuen neurrira diseinatutako "demokrazia" garai horiek; Kutxabankekin gertatutakoa joko arauak zuen erara manipulatzearen azken adibidea da. Hara PNVren etika demokratikoa!

Jakizue 2007ko Foru Hauteskundeetan ANV-EAEko Deba-Urolako zerrendatik aukeratua izan nintzela batzarkide gisa. Gipuzkoan, guztira, 72.000 bozka baino gehiago jaso genituen. Baina, orduan ere, zuen etika demokratiko horretaz baliatuz, zegozkigun eserlekuak lapurtu egin zenizkiguten, Gipuzkoako "pastela" zuen artean banatu eta zuen txantxulleo guztiak oztopo barik egin ahal izateko (gogora ekarri besterik ez dugu Bravo kasua, AP-1eko "gainkostu" guztiak, e.a.). Bide batez, ni zinegotzi izendatzeko erabilitako formula LOREG legearen 182.2 artikulua aplikatzea izan da; formula hau bera da borondate politikoa izan bazenute aplikatu ahal izan zenutena, ezker abertzaleari zegokion ordezkaritza politikoa ziurtatzeko hainbat udalerri eta erakundetan (besteak beste, Lizartzan, PNVko Egibar jaunak lapurtutako alkatetzan). Formula erabat legala da espainiar legediaren baitan, horregatik harritzen nau nire izendapen eguneko osoko bilkuran PNVko zinegotziak inongo azalpenik eskatu ez izanak, gerora, atzetik, medioetan horren inguruko zalantzak azalarazteko modu oso desatseginean. Azkenaldian Gipuzkoan nagusiki martxan jarritako gerra mediatikoaren estrategia honek erakundeetan oposizioa egiteko duzuen gabezia agerian jartzea besterik ez du egiten.

Ni, nire aldetik, Bilduk lehenengo eta EH Bilduk ondoren sortutako ilusio horri eusten saiatuko naiz, apaltasunean, nire mugen barruan, herrigintzan ikasitakoa ahal den neurrian udaletxera eramanez eta alderantziz, udaletxea herrigintzara ekarriz. Ez da erronka makala, are gehiago bizi dugun garai zail honetan, baina hala ere gogotsu eta arduraz hartzen dut zinegotzi izendapena.

Amaitzeko, komeni zaizue zuen zinegotziekin duzuen komunikazioa, edukitzekotan, hobetzea. Zuen gutunaren amaieran esaten duzuenari buruz ari naiz. Dena den, guk aspaldi egina dugu apustua: izan bedi azken legealdia Espainiako erregearen izenean gure karguak hartzera behartuak gaudena. Guk, EH Bilduk, Euskal Herri independente eta errepublikaren hautua egin dugu eta gure esku dauden pauso guztiak ematera goaz. Eta zuek independentziarena Alderdi Eguneko eslogan merke izatetik haratago joateko prest al zaudete, ala Juan Carlos I.a erregeak emandako autonomia estatutu berri baten aldeko apustuarekin jarraituko al duzue? Horixe al da zuen etika demokratikoa?

--------------------

Iñigo Louvelli Nieves

(Aretxabaletako Bilduko zinegotzien babesarekin)

Aretxabaleta

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.