"Konpromiso etikoa"

Erabiltzailearen aurpegia Ibai Larrañaga 2013ko mai. 31a, 02:00

Gipuzkoa Zero Zabor lurraldea izan dadin lanean ari garen talde bezala...

... kezkaz ikusten dugu hondakinen kudeaketaren inguruko hausnarketa jasaten ari den mutilazio saioa. 

Batetik, hondakinen bilketa ondoren eman daitezkeen tratamenduetatik bereizteko ahalegina dago. Denok dakigu gaika biltzeko ahalegina tratamendu toxikoak baztertu eta material hori birzikla dadin egiten dela. Zentzugabekeria da gaika biltzearen alde egotea eta gero horrekin egingo denaz kezkarik ez izatea.

Bestetik, bilketak udalerri bakoitzean bakarrik eragiten duela eman nahi da aditzera; hau da, nonbait, beste herri batean zenbat eta nolako zaborra jasoko duten erabakitzea bidaltzaileari dagokio, arazo sortzaileari, eta ez hartzaileari, arazoa jasaten duenari, ikuspegi kolonialista horren arabera. Bi mailatako herritarrak sortu nahi dituzte: sudur puntan jartzen zaiena egitea erabaki dezaketenak, eta besteen erabakiak isil-isilik jasan behar dituztenak. Inork bere herrian nahi ez duena beste herrietako biztanleei inposatzeko eskubidea zertan oinarritzen da? Gizarte bat egoismoan oinarrituta eraikitzeak etengabeko gatazka dakar. Herriak herrien aurka, herritarrak herritarraren aurka ez dago gizarte bat eraikitzerik.

Eztabaida desitxuratze hau ez da kasuala, kausala baizik. Errauste planta sektore ekonomiko-politiko indartsuen helburua da. Errauste plantak zaborra behar du, eta hori bermatzeko estrategian kokatu behar dira murrizketan, berrerabilpenean eta birziklatzean oinarritutako kudeaketa ereduak martxan jartzeko saio guztien aurka ezagutzen ari garen kanpaina gogorrak. Azpeitiko, Zarauzko, Beasaingo eta Zubietako biztanleen ongizatea ezin dugu gainerakoen utzikeriaren mesedetan sakrifikatu.

Elgeta Zero Zabor taldea ezin da honen aurrean geldirik egon. Eztabaida kokatze aldera, gure zaborra jasotzen dutenekiko daukagun zorra ahal dugun neurrian kitatzeko, konpromiso etikoa aldarrikatzen dugu. Horretarako, hiru puntu hauek jasoko dituen mozioa aurkeztu dugu udaletxean:

-Udalak gure herrian sortutako zaborra jasotzen duten herrietako biztanleei ahalik eta kalterik txikiena eragiteko konpromiso etikoa bere egiten du, eta hori bete ahal izateko ondorengo neurriak hartuko ditu:

-Murrizketa: ahalik eta hondakin gutxien sortzeko burutu ditzakeen ekintzak aztertu eta abian jarriko ditu.

-Birziklatzea: sortutako hondakinak nahasi gabe biltzeko emaitza hoberenak lortzen dituzten bilketa sistemak ezarriko ditu.

-Parte hartzea: herritarren parte hartzea bultzatuko du, herritarrak ondo informatuta egon daitezen, herritarrek aipatutako konpromisoak betetzea bermatuko duten proposamenak egin ditzaten, eta konpromiso etiko horiek betetzen dituzten proposamenen artean erabaki dezaten.

--------------------

Ibai Larrañaga

(Elgeta Zero Zabor taldearen izenean)

Elgeta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak