Urteak daramagu esaten on line merkataritzak, orokorrean, handitzeko nahiko marjina duela oraindik. Bai Euskadiko eta bai estatuko datuak atzerriko beste herrialdeetakoekin alderatzen baditugu, desoreka garbia dagoela nabarituko dugu; saltzen dugunaren bolumena erosten dugunarena baino handiagoa da. Egoera hori hobetzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzak orain dela urte pare bat SPRI +Digital@ programa abian jarri zuen (merkataritza elektronikoko negozio berriak martxan jartzeko diru laguntzak eskaintzen dituzte). Dirudienez, datorren urtean ere diru laguntzekin jarraitzeko asmoa azaldu dute.
On line saltzeko orduan datek garrantzi handia dute. Horrela, udako oporretan, Aste Santuan eta asteburu luzeetan, esaterako, urte osoan saltzen diren bidaien erdiak saltzen dira. Eta opari askoz gehiago saltzen dira, Gabonetan, amaren-aitaren egunean, San Valentin egunean eta antzeko beste egun batzuetan.
Bi motatako erosleak ditugu: lehenengoak behar edo nahi duten zerbaiten bila dabiltzanak dira, baina ez daukatenak garbi zer den. Bezero mota horri merkataritza elektronikoaren aukera berrienek laguntza eskaintzen diote (zer-nolako bidaia nahi duzu? merkea?, familian?, kirolari lotuta?… zer-nolako jostailuaren bila zabiltza? Musikala? Pedagogikoa? 10-12 urtekoentzat?). Bigarren bezero mota, berriz, produktu/zerbitzu zehatzak bilatzen dituena da. Laster hasiko dira Olentzero, Errege Magoak eta Santa Klaus Gabonetako oparien bila. Hauek publizitatearen eta moden indarraren poderioz produktu zehatzak bilatzen dituzte. Eta argi ibiltzen ez badira, denda fisikoetara jostailu zehatz horien bila joaten direnean ez dituzte aurkituko, agortuta egongo baitira. Horra hor, on line era da erosteko aukera bakarra.