Niri bost

Erabiltzailearen aurpegia Iker Badiola Etxaburu

Ez naiz auto-zalea; izan ere, auto bat ikusten dudanean, haren koloreak eta itxurak baino ez dit atentzioa ematen, eta inoiz ez dut jakin izan auto batek daraman motorra nolakoa den edo ze potentzia duen.

Gidatzea ere ez dut oso gogoko; denbora galera iruditzen zait, eta ahal dudan guztietan nahiago izaten dut garraio publikoa erabili, baina, batzuetan, nire autoa hartu behar izaten dut, garraio publikoak ez didalako bermatzen laneko eginbeharrak betetzea. 

Orain dudan autoak urte eta kilometro asko pilatu ditu, eta ordezkoaren bila hasi naiz; guztioi sortzen zaigun galdera sortu zait niri ere: nolako autoa erosi? Errekuntza-autoa, elektrikoa ala hibridoa? Hainbat artikulu, iritzi eta bideo ikusi ondoren, guztien gainetik batekin gelditu naiz: Euskal Herriko Unibertsitateko Gasteizko Ingeniaritza Eskolako Melchor Gomez Perez irakasle eta ikertzaileak Kultura Zientifikoko Katedraren Cuaderno de Cultura Científica blogean 2025eko maiatzaren 2an idatzi zuen Ibilgailu elektrikoa errepideko garraioan artikuluarekin. 

Gomezek argi eta garbi erakusten du, datu zientifikoekin, berotegi efektuari aurre egiteko aukera eraginkorrena auto elektrikoa dela. Hori irakurri ostean, argi geratu zait nire hurrengo autoak elektrikoa izan behar duela. Berotegi efektuak eta klima aldaketak asko kezkatzen naute, eta nire seme-alabei utzi diezaiekedan herentzia, formakuntza batekin eta balio jakin batzuekin batera, bizitzeko leku hobeagoa dela uste dut. 

Irakurri nuenetik, hainbat lagunartetan eta nire sare sozialetan zabaldu dut iritzi hori, eta inkesta txiki bat ere egin dut; elektrikoa ala errekuntza-autoa? Inkestaren emaitza: %85 errekuntza-autoaren alde eta %15 bakarrik elektrikoaren alde. Eta lagunartetik zer jaso dut? Antzerako zerbait. Bakoitzak bere iritzia dauka, eta horretan ez naiz sartuko, baina deigarria egin zait elektrikoaren kontrako argudioa erosotasuna izan dela eta, gainera, kutsaduraren argudioa inori ez zitzaiola axola. 

Nik uste nuen gure gizartea oso kontzientziatuta zegoela jasaten ari garen klima aldaketarekin, baina gure erosotasuna baldin badago jokoan badirudi ez gaudela prest bide-sari hori ordaintzeko. Bakoitzak ez badu bere partetik apur bat jartzen, ze mundu utziko diegu gure ondorengoei? 

Beste behin ere, guri dagokiguna eskubideak dira, eta ardurak ez dira gureak, baizik eta politikarienak, horretarako ordaintzen diegu eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak