Hezkuntza

Erabiltzailearen aurpegia Iker Badiola Etxaburu

Hainbat arrazoi tarteko, gizartean dagoen eztabaidagai garrantzitsuenetako bat bihurtu da hezkuntza.

Sindikatuek hezkuntza publikoan martxan jarri duten errebindikazio-kanpainak, alde batetik, eta hezkuntza-lege berriaren aplikazioak, bestetik, egunero zipriztintzen dituzte komunikabideak, baina nik arreta beste gai batean jarri nahi dut.

Oinarrizko zein bigarren hezkuntzan eta batxilergoan diharduten irakasleek gero eta zailtasun gehiago dituzte eskolak egoki emateko. Umeak eta gazteak oldartzea eguneroko gai bihurtu da eta tresna barik egoten dira egoera horren aurrean. 

Eta nola heldu gara puntu honetara? Esango nuke poliki-poliki gizartea irakaslearen figura eta autoritatea higatzen joan dela. Gero eta guraso gehiagok irakasleen erabakiak gutxiesten dituzte, eta haurrek eta gazteek hori azkar antzematen dute. Ikasleek ikusten dute egoera horien aurrean inpunitate egoeran daudela, eta etengabe errespetu faltaz jarduten dute. Gaur egun, gure ikastetxeetan gertatzen diren hainbat egoera bidegabeak eta onartezinak dira profesional batek bere jarduna aurrera eramateko. 

Ez dut ukatzen soldata duina eta ikasle-irakasle ratio egokiak ezinbesteko baldintzak direnik, baina hezkuntzara dedikatzen diren profesionalek gizartearen babesa berreskuratu behar dutela uste dut. Eta hori nola lortzen da? Gurasoon ardura delakoan nago. Etxean gure seme-alaben aurrean helarazten ditugun mezuek izugarrizko garrantzia dute. Bigarren hezkuntzako irakasle batek esaten zidan: "Zure bikotekidearekin bakarrik zaudenean, kritikatu nahi duzuna, eta irakaslearekin hitz egin behar baduzu, hitz egin, baina seme-alaben aurrean ez jardun gaizki-esaka etengabe. 

Gure gazteak espiritu kritikoan hezi behar ditugu, eta guztiok egin ditzakegu akatsak, baita irakasleek ere, baina errua beti ez da irakasleena. Hainbat sindikatuk eta gizarte-eragilek hezkuntzako profesionalen lan-baldintzen hobekuntza eskatzen dutenean, gizartea interpelatu eta eskaera hori ere egin behar diotelakoan nago. Ez da hutsala jokoan dagoena. Gure seme-alaben formakuntza integralaz ari gara hitz egiten; gizarte honen etorkizunaz; eta etorkizuneko gizon-emakume helduek errespetua eta duintasuna izan behar dute ardatz. Txiki-txikitatik ez baditugu horrela hezten, jai dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak