Historiak epaituko gaitu

Erabiltzailearen aurpegia Iker Badiola Etxaburu 2025ko api. 16a, 00:00

Gogoan dut gaztetan, holokaustoaren inguruko lehen nozioak izan nituenean, neure buruari behin eta berriz galdera batzuk egiten nizkiola.

Eta jende arruntak zer egin zuen? Beste alde batera begiratu? Zergatik ez zuten ezer egin? Gutxiengo batek gorrotoa eta indarkeria bizibide izatea ulertu dezaket, baina beti pentsatu izan dut gehientsuenok arbuiatzen dugun jokamolde bat dela. 

Kasu batzuetan, interes falta izango zen; eta beste batzuetan, ezjakintasuna edo beldurra, agian. Baina argi dago asko –esango nuke gehientsuenak– izan zirela ezikusiarena egin zutenak. Horren adibide garbia da zerbait egin zutenak pertsonaia historiko bilakatu zirela eta denok ezagutzen ditugula Oscar Schindler eta Ana Franken familia babestu zuten Miep eta Jan Gies. 

Holokaustoa genozidio bat izan zen, judu izate hutsagatik haur, nagusi eta gizon emakumeak hil zituzten, eta gaur egun palestinar izatearen kondena jasaten ari dira milaka eta milaka pertsona. Haien erru bakarra: herri baten parte izatea. Ez naiz sartuko juduek nazio bat izateko zilegitasuna duten edo ez eztabaidatzen edo Hamas izan daitekeen edo ez Palestinan agindu dezakeen erakunde bat. Bakoitzak dituen ideia eta pentsaera politikoetatik haratago, giza eskubideen urraketa argia dago, eta hori errealitate objektibo bat da. 

"Gureak ere badira", aldarrikatzen dugu, haur palestinarren heriotzak salatzeko; baina nahiko da pankarta baten atzean jarri eta bost minutu isilik egon ondoren txalo egitea? Uste dut orain arte ez duela balio izan eta haratago joan behar dugula, munduko herritarrak garen heinean, baina esango nuke okupatuegi gaudela trending topic den azken makrokontzerturako sarrerak agortu baino lehen erosten edo gure sare sozialetarako argazki egokienak aukeratzen.  

Ez dakit noiz bukatuko den sarraski hori, baina ziur nago orain arte gertatu den guztia gure biloben Historiako testu-liburuetan agertuko dela, eta batzuek galdetuko digute ea zer egin genuen; ezer ez, hori izango da erantzuna. Historiak epaitu gaitzala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak