Oso kezkatuta

Izenburuak dioen bezala sentitzen naiz udazken honetan Estatuko albistegi, irrati eta egunkariak astindu dituen berri batekin. Mas Madrid alderdi politikoko ordezkari Iñigo Errejonen eraso sexualek zur eta lur utzi gaituzte gutako asko.

Bakoitzaren aukera politikoa izan edo ez, berria, bere muinean, oso kezkagarria eta larria iruditzen zait. Jakina da, zoritxarrez, hainbat direla emakume askok gure gizartean jasaten dituzten eraso sexista eta mespretxuak; eta, nahiz eta pandemia horri aurre egin nahi, oraindik zero erasoren helburua oso urrun ikusten dugu. Baina borroka horretan hainbat dira buru-belarri dabiltzan erakundeak, eta Errejonek ordezkatzen zuen alderdi politikoa ikur bat izan da, haren izaeragatik. 

Batzuetan, uste dugu alderdi batzuk aho txikiarekin batzen direla aldarrikapen horietara eta ez direla aktiboak horrelako borroketan, eta beste batzuk direla aldarrikapen horiek aurrera egiteko benetako ahalegina egiten dutenak. Horregatik larritzen nau kontu horrek. Benetan berdintasunaren aldeko hautua egiten dutenek ere ez badute kausa horretan sinesten, nora goaz? Berdintasun ikur izan litekeen pertsona bat erasotzailea bada, nortaz fidatu gaitezke? Zinemetan Nevenka Fernandezen pelikula daukagu, eta orain egin du eztanda Errejonen krisiak. Guztiz beste muturrean dagoen alderdi politiko batek estalitako krisiaren oso antzera jokatu dute Mas Madrideko politikariek. Batzuetan, alderdi barruan zeuden emakumeak ahalegindu dira erasoak isiltzen. 

Gai horren inguruan hitz egiterakoan, beste pelikula bat datorkit gogora: Alex de la Iglesiaren Oxfordeko krimenak.Bertan, pelikularen bukaeran, pelikulako protagonista eta gaiztoa aurrez aurre daude, imitazioen museo baten, eta gaiztoak esaten dio horrelakoa dela mundua, imitazioz eta gezurrez betea, eta inork ez dakigula zer den benetakoa eta zer gezurretakoa. Zoritxarrez, zirrara berarekin gelditzen naiz: begi bistan dugun mundua antzerki handi bat ez ote den eta ikusi eta entzuten dugun gehientsuena antzezlan bat ez ote den.  

Marco Tulio Zizeronengan jarri beharko dugu itxaropena, eta, hark esaten zuen moduan, bizitza dagoen bitartean esperantza izan beharko dugu; esperantza, egunen batean emakumeak benetan erasorik jasateko beldurrik gabe biziko direla.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak