Azkenaldian, konturatu naiz nire inguruan jada inork ez dituela erabiltzen Euskaltzaindian edo Elhuyarren hiztegietan agertzen diren nagitasuna, alfertasuna, alfergura, nagikeria edo alferkeria hitzak. Zertarako erabili? Badaukagu horiek guztiak baino hitz jatorrago bat: pereza. Neure buruari galdetzen diot ea nola demontre eta nondik agertu den hitz erdaldun hori gure egunerokotasunean.
Euskaraz ez bagenuke izango hitzik ulertuko nuke, baina egoera hori deskribatzeko ditugun hitz guztiekin zertarako hartu behar dugu gaztelerazko mailegu hori? Alferkeria zertarako? Euskaraz egoki egiteko? Norbaitek esango dit garrantzitsuena euskaraz egitea dela eta ez duela hainbeste axola tarteka horrelako hitzen bat sartzea. Eta gazteleraz hitz egiten dugunean zer gertatzen da? Orduan bai kontua izaten dugula egoki hitz egiteko; narraskeria gutxi erabiltzen ditugu; baina euskarari dagokionez berdin zaigu gutxi gorabehera eginda ere.
Garrantzitsuena egitea dela lelo hartu dugu eta ez dugu esfortzu txikiena ere egiten txukun egiteko. Euskararen aldeko hainbat ekimenetan parte hartzen dugu eta geure burua euskaltzaletzat daukagu askok, baina euskara maitatzea egitea baino gehiago da, eta hori adibide bat da. Benetan euskara maite badugu eta geure burua euskaltzaletzat badaukagu, zaindu beharra daukagu. Loretokia zaintzen duen lorezainak goxo hartzen ditu landareak, eta behar dutenean ura bota eta belar txarrak kentzen ditu; euskaldunok ere horretara ohitu behar dugu; eta, batez ere, euskaldun zaharrok, ama-hizkuntza euskara dugunok: zaindu eta ureztatu, ez landatu bakarrik.
Oraingoan pereza da, baina horrela jarraituz gero beste batzuk etorriko dira, eta urte batzuen ostean erdi-euskara erdi-erdara hitz egingo dugu eta, azkenik, liburuetan harrapatuta geldituko da benetako euskara, eta hizkuntza bizia izatetik hizkuntza hila izatera pasatuko da, latinaren moduan.
Erantzi ditzagun nagikeriak eta biziberritu dezagun gure hizkuntza.