Geurea lortu arte

Erabiltzailearen aurpegia Iker Badiola Etxaburu 2024ko ira. 20a, 00:00

Uda honetan izan dugun ekitaldi politiko handienaren inguruan hausnartzea erabaki dut: Europako selekzioen arteko gizonezkoen futbol txapelketa.

Bai; politika esan dut, eta ez kirola. Nire ustez kirolaren gainetik politika nagusitzen delako. Asko dira esaten dutenak kirola eta politika ez direla nahastu behar, baina txapelketaren izaerak berak kutsu politikoa du. Estatuek parte hartzen dute, eta estatu gabeko nazioei debekatu egiten zaie parte hartzea; estatu batzuei parte hartzea debekatu zaie gatazka politikoak tarteko, eta ospakizunetan hainbat estaturen arteko ika-mikak plazaratu dira; esango nuke kiroletik haratago doala txapelketa hori. 

Gurean, gainera, jarraipen berezia izan du, ez hainbeste futbolari dagokionez, audientzia baxuenak Euskadin izan direlako, baizik eta irakurketa politikoen haritik. Espainiako komunikabideek arreta berezia jarri dute, eta Euskadin Espainiako selekzioaren aldeko aldarriak goraipatu dituzte. Esango nuke Eusko Legebiltzarra proportzio handi batean abertzalea izateak kezka handia sortzen duela eta gurean Espainia-zaleak ere badaudela jakiteak nolabait arintzen duela batzuen ezinegona. 

Etengabeak izan dira politikari abertzaleei egindako galderak Espainiako selekzioarekiko zaletasunaren inguruan. Galdera horien atzean pentsamendu bakarraren susmoa hartzen dut, eta kazetari horien aburuz erantzun bakarra dela zilegi. Iritzi asko entzun ditut, baina bitxienetakoa izan da ikastoletako umeek Espainiako selekzioko kamiseta janzten dutela esatea. Ez dakit kalean inkestak egin dituzten edo ikastoletako umeak besteengandik begi bistaz bereizten diren. Nik neuk 80ko hamarkadan, Ondarroan, ikastolan ikaskide bat nuen Espainiako selekzioko kamisetarekin etortzen zena gelara; beraz, esango nuke ez dutela ezer berririk aurkitu. Bestalde, badaude arraro eginda daudenak Espainiako selekzioarekiko atxikimenduaz. Beharbada, batzuk ez dira konturatu euskal jendartea anitza dela eta hautu hori egin dutenak beti egon direla eta hori errespetuz onartu behar dela. 

Bukatze aldera, herri bat garela pentsatzen dugunok lanean jarraitu beharko dugu geurea lortu arte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak