Mendi lasterketak

Oraindik Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren oihartzuna fresko dugun honetan, mendi lasterketen inguruan jardutera natorkizue.

Lehenik eta behin, nire miresmena Zegama-Aizkorriri eta antolakuntzan musu-truk diharduten Zegama eta inguruko herriei. Ondo ezagutzen nautenek badakite jarraitzaile amorratua naizela, eta hori argi nahi dut utzi.

Nire gogoeta, maratoiaren inguruan baino gehiago, mendi lasterketek komunikabideetan duten trataeraren inguruan da. Ikusita jendea nola hurbildu zen maratoia jarraitzera eta euskal komunikabideetan izan duen tokia, esan dezakegu euskaldunok maite dugula kirol hau; baina zalantza batzuk sortzen zaizkit beste ekitaldi batzuekin konparatzean. 

Adibide bat jartzearren, aurten bertan, martxoaren 10ean, Murtziako Ojos herrian Espainiako Atletismo Federazioak antolatutako Federazio Autonomikoen arteko Espainiako Txapelketa datorkit burura. Bertan Euskal Federazioak lau domina lortu zituen. Taldeka, senior kategorian gizonezkoek brontzea lortu zuten eta emakumeek, urrea; eta bakarka, 20 urtez azpikoen mailan, Alluitz de Bilbao kortezubitarrak zilarra lortu zuen eta seniorretan Onditz Iturbe igorreztarrak urrea irabazi eta Espainiako txapeldun izendatu zuten. Egunean bertan zein hurrengo egunetan Euskadi mailako komunikabideetan aipu bakarra aurkitu nuen, eta bertan, Onditzek Europako Txapelketarako sailkatzea lortu zuela bakarrik esaten zen. Hau da: Athleticek Kopa irabazi ostean, txapeldun zela esan beharrean Europarako sailkatzea lortu zuela esatea moduan. Euskadik selekzio mailan ez dakit zenbat kiroletan lortu izan duen urrea eta brontzea taldeka, baina ez nuke esango hainbeste direnik balentriari jaramonik ez egiteko. 

Badakigu kirol-erregea-k guztiari gerizpe egiten diola, baina, nire ustez, beste kirol batzuek ere izan beharko lukete tartea. Gero, maiatzaren bukaeran Zegama-Aizkorri datorkigu eta, bat-batean, hedabideak itsutu egiten dira kanpokoen sona eta distirarekin. 

Zer gara, kirolzaleak ala futbolzaleak? Mendi lasterketa gustatzen zaigu ala Zegama-Aizkorri bakarrik? Banago gero eta ageriagokoa dela arrisku bat: ekitaldi handiek eta masan jarraitzen ditugun kirolek benetako kirolaren esentzia zapuztea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak