Leloa, betiko moduan, erakargarria, eta parte hartzea, antolatzaileen arabera, inoizko handiena; nik neuk ere horrela sumatu dut nire inguruan.
Aurten, gainera, zuzenekoa inoizko arrakastatsuena izan da, eta zein ez da ibili bere lagun edo senideak bilatzen.
Ekitaldi bakoitzak bere bitxikeriak izaten ditu eta aurten erorikoak egin dira biral; batez ere, Ana Azkoitiarena, Azkoitiko alkatearena. Pertsonalki, atentzioa eman dit jende baten erreakzioak ezbehar edo istripu baten aurrean. Txikitan norbaitek Ikastolan halakorik izaten bazuen, laster asko kargu hartzen ziguten barre eginez gero; beraz, ondo ikasi genuen gure belaunaldikook. Ostera, memeak, barreak eta isekak ugariak izan dira. Estropezu egin eta erortzea baino gauza gizatiarragorik ez dagoela esango nuke; are gehiago, gizakiok bi multzotan banantzen garela: noizbait erori garenok eta etorkizunean eroriko direnak. Badirudi Anari iseka egin diotenak bigarren multzoan daudela edo ez direla gogoratzen haiek jausi zirenekoa. Norbaitek pentsa lezake egoera lotsagarria dela, baina nik neuk justu kontrakoa pentsatzen dut; are gehiago, Anaren erantzuna entzunda: "Euskararen alde behin eta berriz altxatuko gara!".
Auzo-lotsa Korrikaren zain dagoen jendea erdaraz entzuteak, gure gazteek euskara traketsean jarduteak edo herri euskaldunetan euskarak egin duen atzerakadak sortzen dit; gauza horiengatik lotsatu beharko genuke.
Korrika ez da ariketa fisikoa egiteko ekitaldi bat, horretarako badaude mila lasterketa gurean. Korrika ez da bi urtetik behin gure lantegian erosi behar dugun kilometroa. Korrika ez da folklorea soilik. Korrika kontzientziazioa da. Korrika ardura da. Korrika konpromisoa da. Korrika militantzia da. Erortzean jaikitzea. Inor ez zaigu etorriko kanpotik gure etxea atontzera. Guk geuk ez badugu egingo, jai daukagu. Eta hori nola egiten da? Euskaltzaleok elkar hartuta, bakoitzaren bultzadarekin olatu handi bat osatuz, eta ez ondokoari iseka eginez. Gutxiegi gara inozokerietan indarra galtzeko.
Bukatzeko, nire mirespena Ana Azkoitiari: berriro zutitu zarelako, zutaz Harro dago Herria.