Garraio publikoa

Erabiltzailearen aurpegia Iker Badiola Etxaburu 2024ko mar. 15a, 00:00

Ia egunero erabiltzen dut garraio publikoa; merkea eta, nire ustez, nahiko erosoa da.

Gogoan dut 20 urterekin gidabaimena atera nuenean nire ametsa auto propioa izatea zela; askatasunaren ikurra zen; edonora eta edonoiz mugitzeko gaitasuna ematen zuen. 

Urte batzuk geroago, beste modu batean pentsatzen dut, eta esango nuke autoaren gatibu bihurtu garela. Lanerako ezinbesteko tresna da; etxe gehienetan, gutxienez, auto bat daukagu, eta asko dira bi edo hiru dituztenak ere.

Asko gara egunerokoan gure bizilekuetatik at lan egiten dugunok, eta mugitzeko, autoa da modurik azkarrena; ez dugu ordutegien menpe egon beharrik. Baina nik nahiago dut garraio publikoa. Bertan, ordenagailuko lana aurreratu dezaket edo zerbait irakurri edo noizbehinka lo-kuluxkaren bat egin ere. Gainera, autoaren aldean oso merkea da, eta ez dezagun ahaztu gutxiago kutsatzen duela. Hortaz, badira urte batzuk ahal dudanean garraio publikoa lehenesten dudala norbere autoaren gainetik.

Urteak joan urteak etorri, nire eguneroko joan-etorriek jendeak garraio publikoan dituen jokaerak eta jarrerak ikusteko balio izan didate. Badago nahiko orokortuta dagoen jokamolde bat atentzioa ematen didana: gehienek autobuseko jarleku batean tokia hartzen dutenean, euren tokia hartzeaz gain, gainean daramaten jaka, poltsa eta trasteak ondokoan jartzen dituzte. Atzetik datorren erabiltzaileak sarri askotan mesedez eskatu behar du tokia egiteko. 

Argi izan behar dugu garraio publikoa erabiltzen dugunean toki bakarraren erabiltzaile garela, eta atzetik datorrenak ez daukala zertan eskean ibili.

Mila konturekin oso solidarioak gara; milaka kilometrotara dauden gerrak salatzen ditugu eta pobreziaren aurkako gobernuzko kanpoko erakundeak babesten ditugu, baina ez dugu nahi gure ondoan inor jartzerik. Erosotasuna eta gure nahiak beste guztien eskubideen gainetik. Zergatik ote? Psikologian edo antropologian aditu direnek izango dute, beharbada, horren erantzuna.

Nik hausnartzen jarraituko dut, eta, erabiltzaile, ez ahaztu atzetik datorrenari tokia uzteaz gain derrigorrezkoa dela segurtasun-uhala jartzea; zure segurtasunagatik, batez ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak