Komunikabideetan agertu berri da aldatzea hain zaila edo ezinezkoa den Espainiako Konstituzioa aldatu dela; hain zuzen ere, 49. artikulua. Elbarri terminoa ezabatu eta desgaitasuna duen pertsona jarri da. Hainbat erreakzio sortu dituen erabakia izan da. Batetik, politikari askok esan dute komeni denean Konstituzioa aldatzea ez dela hain zaila; bestalde, Kongresuaren gehiengo zabalaren adostasuna ere asko aipatu da –315 boto alde eta 33 abstentzio–, eta badago esaten duenik pauso garrantzitsua izanda ere oraindik asko dagoela egiteko.
Eta zein da nire iritzia horren guztiaren inguruan? Pauso garrantzitsua dela eta hori bultzatu duenak edo dutenek izugarrizko meritua dutela. Eta zein edo zeintzuk izan dira? Komunikabideetan horren gainean bilatzen hasten bazarete, ez duzue gauza handirik aurkituko. Alderdi Popularreko senatari bat izan omen zen, eta horrelako albiste nahasiren bat... baina aldaketaren jatorria non dago?
Egin dezagun denboran atzera apur bat. 2017an, Euskal Herriko Unibertsitateko Fisioterapia Graduko irakasle Jon Torres Undak eta ikasle talde batek Espainiako Errege Akademiara (RAE) idatzi zuten desgaitasun terminoaren definizioaren aldaketa eskatzeko, eta 2020an onartu egin zuten. Handik aurrera, hainbat politikariren kontzientziazioa eta lana etorri zen, eta hori izan da azken lorpena.
Sarri aurpegiratzen zaio unibertsitateari gizartearen kezketatik urrun bizi dela, haren burbuilan sartuta, baina hainbat dira Jon Torres irakaslearen moduan jarduten dutenak hori gezurtatzeko.
Zer ikasi dut horretatik guztiorretatik? Ekimena: nahiz eta helburua zaila izan, ekin egin behar dela; enpatia: besteen errealitatea ulertu eta kezkatzeko gaitasuna; eta, batez ere, apaltasuna: Jon Torres eta bere ikasleak ez dira hedabideetan agertu, ez zutelako helburu horrekin egin.
Bidea ez da bukatu eta badakit horretan jarraituko dutela. Nire aldetik, nire errekonozimendua, eta, hori bai, hurrengorako, politikariren batek Konstituzioa nahi badu aldatu dena delako helburuarekin, badaki nori deitu behar dion.