Teknologia

Teknologiaren aroan bizi garela ukaezina da. 

Azken urteotan aurrerakuntza teknologiko asko ikusi ditugu eta, nolabait, gure bizimodua eraldatzen ari dira; baina batekin gelditu beharko banintz, sakelako telefonoarekin edo mugikorrarekin geldituko nintzateke. Literalki esanda, eskuan kabitzen zaigu mundu oso bat.

Aldean ordenagailu txiki bat eramateak leiho txiki bat zabaltzen digu gizateria osoarekin kontaktuan izateko etengabe. Bizitzeko modua azkartzeaz gain, harremantzeko era ere guztiz aldatu du. Hainbat gailu eta egitura guztiz zaharkituta gelditu dira mugikorren iraultzarekin. Gaur egun, zeinek behar du irrati bat edo entziklopedia bera?

Baina, gauza guztien moduan, aurkia eta ifrentzua du. Belaunaldi gazteek informazioa bilatzeko gailu mugikorren bidezko aplikazio famatuak erabiltzen dituzte. Bertan albisteak sasi-albisteekin eta iritziekin nahasten dira. Gazteen artean ia inork ez du irakurtzen paperezko egunkaririk ez eta albisteetan sakontzen. Erabiltzen diren iturriak ez dira batere fidagarriak eta, ondorio moduan, kalitatezko kazetaritza desagerpenera kondenatuta dago; irakurlerik gabe, ez dago negoziorik. Titular potoloak eta sinpleak non-nahi ditugu, baina sakontasunik gabe. Hausnarketarako tarte gutxi dago eta zuria eta beltza edo onak eta gaiztoak bezala dena sinplifikatzeko joera dugu. 

Garraiobide publiko baten sartu eta begiratzea baino ez dago. Bakarren bat liburu batekin eta adinekoren bat egunkaria irakurtzen; beste guztiak, gailu mugikorrekin. Eta zeintzuk dira gailu horietan gailentzen diren aplikazioak? Instagram, Tiktok, Youtube eta gainbeheran dagoen X –lehengo txori txiolaria–. Zertan lagunduko dute aplikazio horiek gizartearen hezkuntzan eta espiritu kritikoaren formakuntzan? Badut errezelo bat, inoiz baino informazio eskuragarri gehien dugun gizartea garela eta inoiz baino formatu gabeagoa.  

Gure birraitaita eta birramama asko eta asko alfabetatugabeak izan ziren ez zutelako aukerarik izan, baina gaur egun asko eta asko dira hautu hori nahita egiten ari direnak konturatu gabe. Egia da topiko bihurtu dela momentu historikoan bizi garela esatea, baina orain hartu beharreko bidegurutzea kritikoa dela esango nuke; oraindik garaiz gaude gure bide galduak zuzentzeko. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak