Urte hautetan guztietan ez dut kontaktu zuzenik izan gaztetxoen futbolarekin, eta banuen aurreiritzia gauzak asko aldatuta zeudela. Garai bateko zakarkeria alboratuta zegoela eta gurasoen portaera jada eredugarria zela uste nuen. Hara, nire usteak ustel. Zoritxarrez, aurkitu dudan giroa ez da nire ume garaian bizi izan nuena, baizik eta askoz okerragoa. Harmailetatik etengabe zuzentzen zaie neska-mutikoei joko-zelaian egiten dutena, entrenatzailerik izango ez balute moduan. Epaileen aurkako jarrera oldarkorrak eguneroko ogia dira, eta, noizbehinka, taldeetako gurasoen arteko liskarrak ere gertatzen dira.
Hainbat dira zuzendu beharreko jarrerak. Lehenik eta behin, epaileen aurkako kexak. Ez dakit zenbateraino kontziente garen epaile lanetan dabiltzan gazteei eta ez hain gazteei esker gure seme-alabek txapelketa arautu batean parte hartu dezaketela. Haien lana eta esfortzua ezinbestekoa dela gure gaztetxoek jokatu ahal izateko. Eta guk nola eskertzen dugu? Orroekin, garrasiekin, kexekin eta, batzuetan, irainekin. Behin edo behin, tokatu zait epaile moduan aritzea, eta benetan diotsuet: errazagoa da huts egitea asmatzea baino. Maila profesionalean lau epaile eta bideo eta guzti ibilita ere sarri askotan zalantzak izaten dituzte jokaldi batzuk epaitzeko... ba, imajinatu norbera bakar-bakarrik.
Nire aholkua Federazioari: astero guraso bat jartzea epaile, ikus dezagun zein erraza den marmarrean jardutea eta zaila zuzen epaitzea. Bigarrenik, entrenatzaile batzuen jarrera. Argi dago futbola, beste kirol askoren moduan, lehia bat dela, baina irabaztea ezin da egon balioen gainetik. Gazteen futbola jarraitzen nabilen denboran entrenatzaile gehiegi ikusi ditut txartel gorria jaso eta kanporatuak; kontuan izanda bakar bat jada asko iruditzen zaidala. Entrenatzaile bat hezitzailea da eta eredu da bere jokalarientzat; eta horrelako asko daude, gehienak, baina, nire ustez, denak izan beharko lirateke. Errespetua epaileari, norbere taldean, beste taldeari, keinuak gutxien jokatzen dutenei, momentu batzuetan eta talde batzuetan ikusten ez diren keinuak dira. Garaipena obsesio bihurtzen denean iparra galtzen da, eta ez gara konturatzen gure taldeak irabazi edo galdu hurrengo egunean gure bizitza ez dela aldatuko.
Hausnarketa sakona egin behar dugu guztiok. Denon hobe beharrez egin beharreko ariketa da. Ahalegindu gaitezen kirola espazio seguru, osasuntsu eta gozagarria izan dadin guztiontzat, horrela guztiok irabaziko dugulako.