Bordeleko Unibertsitatearekin daukagun lankidetza baten harira erreportaje bat nahi zuten egin.
Baiezkoa eman genien eta Baionako estudioetatik kazetari bat eta kamerari bat bidali zituzten. Zorionez, kazetariak gaztelaniaz hitz egiten zuen eta elkarrizketa erraz egin zidan. Komeriak ondoren hasi ziren. Erreportajea telebistarako zenez, irudiak grabatu behar ziren, eta haiek prestatzeko kameraria argibide batzuk ematen hasi zitzaidan, baina frantsesez mintzo zen. Nik tutik ere ez nion ulertzen, eta ea gaztelaniaz edo ingelesez hitz egiten zuen galdetu nion, eta hark ezetz. Kazetaria bitarteko eta haren itzultzaile lanari esker, hala moduz hasi ginen lanean. Buru-belarri genbiltzala, nire mugikorrak jo zuen eta euskaraz erantzun nuen. Bat-batean, kamerariak harridura keinu bat egin eta zera esan zidan: "Euskalduna zira eta!". Hura ere hala zen. Momentu hartatik aurrera gure jardunari berrekin genion, baina euskara hutsean, kazetariak gure artekoa harriduraz eta ezpainetan irribarre batekin jarraitzen zuen bitartean.
Hamaika dira bai Hego Euskal Herrian zein mugaz bestalde euskara baliogabeko erlikia bat dela esaten dutenak. Niri gertatutakoak ezbaian jartzen ditu pentsamolde horiek guztiak. Hizkuntza baten xede nagusia pertsonak elkar ulertzea da eta egoera hartan gure arteko elkar-ulermena ahalbidetu zuen hizkuntza bakarra euskara izan zen. Esperientziak esperientzia, badirudi euskara estatu batzuek jartzen duten mugez haratago dagoen hizkuntza dela, eta abesti zaharrak esaten duen moduan: Etsaiak aurka dabiltz euskararengatik, lehen orain eta beti guztiz aspalditik, lurperatu nahirikan antzina antzinatik ez dute hori lortuko inungo aldetik". Eta arrazoia argia da, euskara hizkuntza erabilgarria eta bizia delako.