Pelloren txapela

Erabiltzailearen aurpegia Iker Badiola Etxaburu 2023ko api. 21a, 00:00

Bergara bizitzera joan nintzenean, orain dela hamalau urte, ezagutu nuen lehen pertsonetako bat Pello Garitano izan zen.

Berehala konturatu nintzen nor zen Pello eta haren garrantziaz herrigintzan.

Erreferente bat zen, eta gogoratzen naiz nire emazteak norbaiten inguruan hitz egiterakoan Pelloren suhiari edo alabari edo Pelloren emaztearen dendari buruz hitz egiten zidala. 

Gaur egun, Pelloren moduko jendeari boluntarioak edo bolondresak deitzen diegu; eta hark egiten zuen lanari, auzolana. Egia da izenik ez duenak ez duela izanik, baina ez dakit etiketak jartzean ez dugun horrelako gauzen profesionalizaziora jotzen. 

Euskal Herriak ez du natura-baliabide berezirik izan; herrialde nahiko malkartsua da, eta ez oso oparoa; lurpean ere, garai bateko hiruzpalau mehatzetatik haratago, gutxi izan dugu, baina beste kapital garrantzitsuago bat izan dugu: bertako gizon-emakumeak. Ekintzaileak, langileak, eskuzabalak; hainbat lanordu sartu eta gero herrigintzan jardun duten milaka eta milaka herritar anonimo; hori izan da gure aberastasuna.  

Beldur naiz ekidin ezinak diren joera berriek indibidualismora eramango ez gaituzten; eta hainbat belaunaldiz iparrorratz izan ditugun balioak ez diren galduko. Atletismoko entrenatzaile beterano batek esaten dit: "Iker, jendeak orain ez du nahi konpromisorik". Hark erretiroa hartu berri du eta oraindik ere buru-belarri dihardu umeak eta gazteak entrenatzen. Ezer trukean espero gabe ematen duen jendea, baina, zoritxarrez, gero eta errelebo gutxiago duena.  

Lokatza Ziklismo Eskolakoek Pelloren oroimenez Gorlarako igoera antolatu zutenean, asko izan ginen hara joan ginenak, eta, hein handi batean, Pellori gure omenaldi txikia egiteko asmoz batu ginen. Haren txapela elkarri pasatuz oroitu genuen, eta orain guri dagokigu txapel hori hartu eta haren eredua jarraitzea.  

Pelloren omenaldia antolatu zutenek, nolabait, erakutsi digute badagoela Pelloren bidea jarraitzeko prest dagoen jendea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak