Hori datorkit burura ondoren azaldu nahi dudanari buruz hausnartzerakoan. Gabon-garaia egokia izaten da urtean egiten ez ditugun erosketa eta opariak egiteko. Negozio jakin batzuk urteko sasoi honen zain egoten dira eta neuk ere normalean baino erosketa ezohiko gehiago egiten ditut.
Egia da kontatu behar dudana ez dela egun batetik bestera pasatu, baina aurten inoiz baino gehiago nabaritu dut. Kopuruari dagokionez, herrietako merkataritzak nabarmen egin du behera. Orain hamar urte geneuzkan hainbat denda-mota jada ez daude gure inguruan. Gauza jakin batzuk erosteko kotxea hartu behar dugu eta hirietara edo merkataritza-zentroetara jo behar dugu, edo Internet bidez egin erosketak. Eta zeren ondorioa izan da denbora gutxian pairatu dugun aldaketa hau? Gure ohiturena. Poliki-poliki, Internet bidez erostera ohitu gara. Hainbat erraztasun omen zituen sarearen bidezko erosketak eta askoz erosoagoa zelakoan itsu-itsu besarkatu dugu merkataritza elektronikoa. Bestalde, konpultsiboki erostera bultzatzen gaituzten jantzi-denden moda ere asko gustatu zaigu, diru gutxiren truke gure armairuak etengabe berritzeko aukera ematen baitigute. Horrek guztiak suntsitu du gure herri eta auzoetako merkataritza. Eta, hein handi batean, gure hautua izan da. Eta ondorioa zein da? Lasai asko etxetik irten eta oinez joanda, herriko dendaren baten erosiko genuen produktua ezin dugula erosi. Dendariaren aholkuak jarraituz eta kotxerik hartu barik egingo genukeen erosketa gaur egun ezinezkoa da. Eta zer egiten dugu? Edo merkataritza-zentroetara joan edo Internet bidez erosi.
Internetez erostea merkeagoa eta erosoagoa dela iruditzen zaigu, baina arazo asko ikusten dizkiot. Fisikoki ikusi eta probatu gabe erosten ditugu gauzak. Behin erosita, noiz helduko zain egon behar dugu. Garraiatzen duena, normalean, lanean gaudenean joaten da gure etxera. Etxean inor ez duenez aurkitzen telefonoz deitzen digu eta lanean gaudenez hala-hola kudeatzen dugu produktu-jasotzea, baldin eta lortzen badugu; bestela, beste egun baterako atzeratu eta kudeatu behar dugu. Bestalde, erosketa mota honek hainbat ibilgailu erakartzen ditu herrietako erdiguneetara. Gero zer gertatzen da produktuarekin? Ez dela gure gustukoa, ez datorrela bat ordenagailuan ikusi dugun argazkiarekin. Eta orain, itzulketa hasi behar.
Erosoagoa ote da? Ez dakit zer esan. Hori bai, etengabe jasotzen ditut oraindik ere gomendioak hango eta hemengo web orrietan dauden mauken inguruan, eta Internetez erostea benetako pagotxa dela esaten didaten ahotsak hainbat dira. Nik uste dut guztiz tematu garela eta gure herrietako merkataritza guztiz suntsitu arte ez dugula amorerik emango. Eta hori pasatzen denean zer egingo dugu? Kexatu. Norbaitek izango dugu errua.