Nik, paso

Erabiltzailearen aurpegia Iker Badiola Etxaburu 2022ko abe. 16a, 00:00

Garrantzirik ez duten gauzetatik garrantzitsuena omen da futbola, edo horrela deskribatzen du futbol jokalari ohi eta gaur egun esatari aritzen den futbol-pertsonaia ospetsu batek. 

Egiari zor, horrela dirudi. Futbolak, milaka pertsona mugitzeko gaitasuna izateaz gain, mundua gelditzekoa ere badauka, eta horrela izan da berriz ere Munduko Txapelketa ospatzean. Baina oraingo hau bitxia izan da. Historian lehenengo aldiz herrialde desberdinetako txapelketak eten eta udazkenean jokatu da, ia Gabon-jaiekin batera. Horretaz gain, Qatarren egin da, giza eskubideak zapaltzen dituen erregimen autoritario batek agintzen duen herrialdean. Hautaketa bera nahiko zalantzagarria ez, eta Munduko Txapelketa egiteko izugarrizko dirutzak xahutu dituzte eta milaka langile hil dira punta-puntako futbol-zelaiak eraikitzen. Eta munduko herrialdeek zer egin dute honen aurrean? Ezer ez. Antzerkitxoren bat edo beste alde batera utzita, inor ez da gai izan Qatarren zuritze horri aurre egiteko. 

Esango didate futbola kirola dela eta ez dela politikarekin nahastu behar, baina ni ez nago ados. Futbolak, kirola den heinean, balio batzuetan oinarrituta egon behar du. Hainbat dira errespetua eta arrazakeriaren aurkako kanpainak futbola erdigune hartuta egiten direnak. Eta oraingoan zein izan da federazioen eta herrialdeen erantzuna? Burua makurtu. Izan ere, Errusiak gasa moztu digunez, ez da komeni Qatarko agintariak haserretzea, haiek saltzen digutelako Errusiatik jaso ezin dugun gasa prezio onean. Masha Amini irandar neska gaztea beloa gaizki eramatearren hil zutenean, denok gaitzetsi genuen Irango erregimena, baina orain, Qatarko aferaren kasuan, beste alde batera begiratu eta telebistak piztu ditugu kiroletan ospetsuena ikusteko. Agintarien koldarkeriaren aurrean herritarren oldar-aldia espero nuen, baina uste baino apalagoa izan da. Inork ez balitu Qatarko futbol partidak ikusiko, zer gertatuko litzateke atzean dagoen negozio erraldoi horrekin? 

Futbola bakarrik kirola dela esaten duzuenok argi izan atzean negozio erraldoi bat dagoela eta milaka milioi mugitzen dituela eta batzuk aberatsago egiten direla. Hau gutxi ez, eta orain politika sartu da giza eskubideak zapaltzen dituen erregimen bat zuritzeko. 

Egoera honetan, nahiz eta futbola gustuko izan, ez dut konplize izan nahi eta boikot egin diot Qatarko Munduko Txapelketari. Nire keinua hutsaren hurrengo izan da, baina nik eredu hau ez dut etorkizunerako nahi. Beraz, nire aukera paso egitea izan da, eta, gainera, nire selekzioak ez du parte hartu; zertarako piztu telebista?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak