Ez nago prest

Bizitzak aurrera egiten duen heinean, beharrizanak, kezkak eta ardurak aldatzen joaten dira. 

Nire kasua ere ez da izan desberdina. Seme-alabak apurka-apurka hazten doaz, eta, ia konturatu barik, nerabezaroaren atarian daude; hortaz, adin-garai honek dakartzan kezkak agerikoak dira gurean. Eta gurean esaten dudanean ez da bakarrik gure etxean, baizik eta gure inguruan, lagun, ezagun, senide eta lankideen inguruan. 

Gaueko lehenengo irteerak izaten dira lehen gatazka iturri. Nola arautu etxeratzeko ordua? Inposizioa ala negoziazioa, nola egiten zen gure garaian? Balio al du gaur egun ordukoak? Bakoitzak ahal duen moduan jokatzen du, baina, betiere, inguruan gertatzen denari begirik kendu barik. Garaiak aldatzen doaz eta gure nerabezaroan jartzen zizkiguten arauek beti ez dute balio kasu guztietan, eta, nahitaez, inguruak markatzen dituen mugek garrantzi handia dute. Gure irizpideen araberako mugak nahi ditugu jarri, baina, era berean, ez dugu nahi gure seme edo alaba desberdina izatea. Hortaz, inguruarekin etengabeko komunikazioa bilatzen dugu. 

Hasierako irteerak maiztasunean gehitzen diren heinean, eta normaltze aldera egiten dutenean, bigarren erronka agertzen da: alkoholaren kontsumoaren inguruan nola jokatu. Oso zabalduta ikusi dudan iritzi bat zera izan da: gazteei ez esan ez edateko, guda hori galduta dagoelako, eta buruarekin jokatzeko esan edaten dutenean. Atsekabetu egiten nau mezu honek.  

Egia da gure gizartean alkohola oso normalizatua dagoen droga bat dela eta horren aurrean ahul eta tresnarik gabe aurki dezakegula geure burua, baina, nire ustez, beste mezu batzuk helarazten ahalegindu behar dugu. Nik ez dut inoiz edan eta gaztetan zein orain bizitza sozial oparoa izan dut. Nik uste dut ez dugula beldurrik izan behar gazteei ozen eta argi esateko alkohola ez kontsumitzea aukera zilegi dela eta aukera hori jorratzen duenak ez duela inolako madarikaziorik jasango. 

Ez nago prest hainbeste kalte egiten duen alkoholari zilegitasuna emateko; beraz, nire aholkua gazteei: edan behar baduzue, nahi duzuelako egin, eta ez inguruak behartzen zaituztelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak