Baina niri pertsonalki bi gauzak eman didate atentzioa: batetik, Europako agintetik etorri diren neurri berriak. Gerra batek eta honek sortu duen energia eskasiak behartu du Europar Batasuna energia aurrezteko neurri eta araudi berriak sortzera, guztiak ere klima-aldaketaren aldarria ardatz hartuta. Honek erakusten du nolako ikusmira laburra izan duten agintariek. Energia iturriak itxi dizkigutenean gogoratu gara klimaz eta planetaren osasunaz. Orain dela urtebete ere egoera larria zen, baina, energia erraz eta merke lortzen zenez, ez zen inolako araudirik sortu. Bigarrenik, hiritarron jarrera. Pandemia osteko lehenengo uda-garai moduan aldarrikatua izan den sasoi honetan, jende andana batu da munduko leku eta txoko turistiko guztietan. Denon ahotan dabil bolo-bolo ibili garen tokiak jendez lepo zeudela. Jasangarria al da planetarentzat egun praktikatzen dugun turismo-eredua? Kontziente gara guztiok zerbait utzi beharko dugula planeta salbatzeko, agintarien neurriez aparte?
Ez dakit kontziente garen edo ez dugun izan nahi. Oraindik ez dut inor ezagutzen kontzientzia ekologikoagatik oporretara ez doala esan didanik. Inkesta askoren arabera, herritarrok gero eta kezka handiagoa dugu klima-aldaketaren inguruan eta gero eta gizarte aurrerakoiagoa eta ekologistagoa gara. Baina, keinu txikiak edo edukirik gabeko aldarrietatik haratago, ezer gutxi egiteko prest gaudela esango nuke. Idazle ospetsu batek zioen moduan, gure azken udan bizi gara etengabe. Nork utziko dio hegazkinez oporretara joateari? Nork baztertuko ditu ustezko askatasuna ematen diguten erregai fosilak erabiltzen dituzten ibilgailu partikular handiak?
Gure gizarte eredua jasanezina dela adierazten duen adibide bat jartzearren: ñimiñoa diruen sare sozialetara oporretako argazki bat igotzeak ere kutsatu egiten du –24 orduz 4 bonbilla piztuta izatea adina–, zerbitzarien mantentzeak eragiten duen energia kontsumoaren ondorioz. Nire lagun ezkertiar militante batek esaten didan moduan: "Iker, kapitalismoak ekarri gaitu egoera honetara, baina arazoa zera da, zoritxarrez, behin probatuta guztioi gustatu zaigula".