Guztiok gara berdinak

Erabiltzailearen aurpegia Iker Badiola Etxaburu 2022ko uzt. 22a, 00:00

Uda garaian gustuko dut hondartzara joatea, eta, gainera, nostalgiko horietako bat naiz; hau da, egunkaria irakurtzea dut gogoko. Horrela ari nintzen kontatu behar dudan pasadizoa gertatu zenean.

Egunkaria eskuetan, AGFA izenez ezagunak diren Apple, Google, Facebook eta Amazon enpresa erraldoiek gure datuekin egiten dituzten bidegabekeriak salatzen zituen iritzi artikulu bat irakurtzea bukatu berri nuen, eta nire hurrengo irakurketari ekitera nindoan, Mikel Reparazen Las grietas de América entsegua. Liburu honetan, kazetari nafarrak Ameriketako Estatu Batuetan azalaren kolorearen arabera gertatzen diren injustiziak azaleratzen ditu. 

Eta ziur nago hondartza hartan geunden gehienoi galdetuz gero bi gertaera haien aurrean zein zen gure iritzia, AGFAkoen abusuak eta AEBetako arrazakeria, irmoki kritikatuko genuela bata zein bestea, baina, hara non, azal iluneko gazte bat agertu zen ni nengoen ingurura. Besoak luxuzko poltsak irudikatzen zituzten imitazio merkez beteta zituen, eta bizimodua aurrera ateratzeko hauek saldu nahian zebilen. Nire parera heldu zenean, eskuak zabalduta erakutsi eta eskaini zizkidan, baina ez nuela interesik eta, aurrerago egin zuen. Halako batean, bikote batek baten prezioa galdetu zion eta mutil gazteak hogeita bost euro eskatu zituen poltsaren truke. Bikoteak, asko irudituta, hamabosteko kontraeskaintza egin zion, eta han ibili ziren elkar-ulertzera ezin helduta. Hori gertatzen ari zela beste mutil gazte bat agertu zen hainbat erloju eskuan zituela, eta nire ondoan zegoen gizon batekin egoera bera errepikatu zen; gaztearen prezioa eta gizonaren erantzuna prezio baxuagoarekin. 

Kasu honetan, nor da boteretsua eta nor ahula? Inor ikusi duzue elektronika denda batean sartu eta kontraeskaintzak egiten azken iPhonea erosteko? Gu baino boteretsuagoak direnen aurrean isil-isilik makurtzen garen moduan, gu baino ahulagoak aurkitzen ditugunean ederto probesten dugu aukera inori burua makurrarazteko, gure eskuetan botere apur bat daukagula uste dugunean. 

Zoritxarrez, horrela izan omen da Historian zehar eta horrela izaten jarraituko duen susmoa daukat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak