Publikoa

Erabiltzailearen aurpegia Iker Badiola Etxaburu 2022ko eka. 17a, 00:00

Bi urte egin ditut Bergarako Musika Eskolako zuzendaritza batzordean. Gauza askotarako gertatzen den moduan, hasiera batean, boluntarioak aurkezteko epea zabaldu zen, eta, inor ez zenez aurkeztu, guraso batzuengana jo zuten eta horrela sartu nintzen.

Denbora tarte honetan denetik tokatu zaigu, tartean, pandemia baten gorabeherak kudeatzea ere, baina, egia esan, oso interesgarria izan da bertan egotea; batez ere, Bergarako Musika Eskolak nola funtzionatzen duen ikasteko. Zuzendaritza batzordeko kide izan aurretik, ez nekien zehatz-mehatz nolako izaera duen erakunde honek ez eta nola finantzatzen den, eta denbora tarte hau igaro eta gero, argi eta garbi gelditu zait Bergarako herriak zer eta zenbat zor dion urtero-urtero bertan lan egiten duten guztiei.

Urtero 500 bat pertsona matrikulatuta, gehientsuenak umeak. Musikaren eta kulturaren leihoa zabalduz herri honen etorkizuna diren gazteenei. Urtean zehar hainbat saiorekin herria alaitzen eta janzten, eta hau guztiau nola egiten da? Irabazirik gabeko izaera pribatua duen eskola baten bidez. Horrek zer dakar? Urtero kontuak egokitu behar direla, dirulaguntzak eskatuz, administrazioetan atea joaz eta diru eskean ibiliz, eta, horrez gain, azken urteetan berriztatzeko inolako aukerarik izan ez duen eraikin batean.

Zer dago unibertsalagorik gure seme-alabak musikaren bidez heztea baino? Zenbat balio eta jakintza ematen digu musikak? Oreka, diziplina, harmonia, etengabeko hobekuntza, aisialdia, mundura zabaltzea… Zer dago honen guztionen muinean? Hezkuntza eta kultura. Eta noren esku egon beharko luke hainbeste herritarren gain eragiten duen erakunde batek? Nik argi daukat, hainbat eta hainbat herritan gertatzen den moduan; eta asko Bergara baino txikiagoak direnak eta musika tradizio gutxiago dutenak; publikoa izan beharko luke.

Hauek dira gure zergen bidez sostengatu beharreko zerbitzuak; eta bertan lan egiten duten langileek musika irakatsi eta zabaltzera arduratu beharko lukete, eta ez, nire zuzendaritza-kide batek esaten duen moduan, lubakietan lan egiten pasatu denbora musika eskolaren etorkizun ekonomikoagatik borrokan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak