Egun osoko grebak izan ditugu osasun-publikoan, eta, haragoko iritziekin hasi baino lehen, nire miresmena eta aitortza osasun publikoan lan egiten duten langileei. Zoritxarrez, ez nago gauza bera esateko sindikatuen inguruan, edo, hobeto esanda, sindikatuak gidatzen dituzten agintarien inguruan. Sindikatuak erakunde moduan beharrezkoak dira. Gizarte demokratiko batean, sindikatuen kontrabotere lana ez da garrantzitsua bakarrik, beharrezkoa ere bada; baina, aspaldion, ahituta edo gaitasun gutxirekin ikusten ditut hauek gidatzen dituzten gizon-emakumeak. Azkenengo adibidea, Euskal Autonomia Erkidegoko osasun publikoan egindako greba.
Dokumentatuta dagoen lehen greba Egipton egin zen, faraoien garaian, baina Industria Iraultzarekin hartu zuen gaur egun ezagutzen dugun garrantzia. Ugazaben gehiegikeriak salatzeko eta gutxieneko bizi-baldintza duinak eskatzeko, ekoizpena gelditu eta enpresa jabeei diru galera handiak sortuz presio egiten zieten. Ehunka urte igaro eta gero, formula bera erabiltzen jarraitzen dute, baina kontuan izan gabe testuinguruak. Zein da kaltetu nagusia osasun publikoan egiten den greban? Erabiltzailea. Ze ondorio dauka administrazioarentzat? Milaka euroren aurrezpena. Norbaitek esango dit gobernuaren agintea higatzeko egiten dela, baina gobernu bat boteretik kendu zuen azken greba Poloniako Gandsk hirian gertatu zen, 1989an.
Formula berriak aurkitu behar dira modu eraginkorrean presio egiteko. Honen adibide bat, kontu honekin harreman zuzena duen medikuen formakuntzan EHUk hartutako neurriak, eta inon ez ditudanak ikusi. Osasun publikoa jasaten ari den arazoen eragileetako bat profesionalen gabezia da; batez ere, medikuak eta erizainak. 80ko eta 90eko hamarkadetako plaza kopuru urriek ondorioak dituzte orain; baina garai hartan, behintzat, distritu partekatua zegoen eta EHUn ikasten zuten gehienak euskal herritarrak ziren. Unibertsitate Lege berriarekin, distritu bakarra ezarri zen, eta Estatuko edozein txokotatik etorri ahal dira ikasleak baldintza beretan. Azken urteetan kanpotik jende asko etorri da; ikasketak egin, eta euren jatorrizko tokietara itzuli dira. Horren aurrean, EHUk, legearen barruan, administratiboki, euskarazko medikuntza gradu bat sortu du, non euskaraz bakarrik irakasten den. Horri esker, gutxieneko euskal mediku kopurua bermatzea lortu da.
Gaur ez ditugu izango fruituak, baina etorkizun hurbilerako babesten dugu sistema. Zer behar izan da horretarako? Irudimena; erabili dezagun, gaurko eta biharko arazoei benetako konponbidea emateko.