Kontu hau pil-pilean zela, hara non eta bertsolari ospetsu batek botatako bertsoek harrotu dituzte bazterrak. Txertoa jarri ez dutenei errespetua eskatzen zuen; bera barne, baina, aldi berean, jarri dugunoi industria farmazeutikoaren txotxongilo deitzen zigun. Nik guztiz errespetatzen dut txertoa jarri ez duen jendea, guztiz ados nago ezin dela inor behartu eta inor estigmatizatzearen aurka nago, baina nik ere errespetua eskatzen dut; txertoa jarri badut, zientzian sinesten dudalako da eta ez dut onartzen inoren morroi izatearen iraina. Iritzi guztiak dira onargarri, baina kontuan izanda iritziak hori direla, iritzi, eta ez besterik. Zientziak egiak bilatu eta demostratzen ditu, eta egiek iritzien gainetik egon behar dute gizarte hobe eta justu baten eraikuntza prozesuan. Lurra ez zela laua edo eguzkia sistemaren erdian zegoela ez ziren iritziak izan, baizik eta zientziaren bidez aurkitutako egiak, eta horrela egin dugu aurrera. Ez ezazu ahaztu, bertsolari jauna, zure esanak, errespetagarriak izanda ere, iritziak direla eta egiak zientziak aurkitzen dituela, zientzia errealitatearen azalpena delako.