Irrikaz itxaroten genuen gau magikoa. Gutun luzeak idazten genituen aldez aurretik, eta, nahiz eta han jartzen zuen guztia ez heldu, ni neu, behintzat, inoiz ez naiz kexatuko euren eskuzabaltasunaz. Horrela lortu nuen Amstrad CPC 464, nire lehenengo ordenagailua, mahai-futbola edo Scalextric bat, eta nire lagunek ere antzerako gailu eta jolasak jasotzen zituzten. Atzera begirada bat eginez, nire ustez, ez zegoen neurrigabekeriarik, baina ez geunden kexatzeko. Nagusiek ere izaten zituzten euren gutiziatxoak, hala nola urtean zehar desiratako binilozko diskoa, kolonia bereziren bat edo libururen bat edo beste. Hori bai, Gabonetako opariak gure etxean bakarrik jasotzen genituen, ez izeba-osabarenean, eta aitaita-amamak gurekin bizi ziren.
Urteak ez omen dira alferrik pasatzen, eta kontu honetan ere aldaketak nabari ditut; gurean, behintzat. Umeek hainbat tokitan jasotzen dituzte opariak: etxean, aitaita-amamarenean, izeba-osabarenean… Badira Olentzeroren eta Erregeen bisitak jasotzen dituztenak, eta, urtean zehar hainbat gailu eta opari jaso ondoren, Gabonetako eskaera egitean gutunaren aurrean jarri eta dena dutenez ez dakitenak zer eskatu. Kontua ez da asebeteta daudela, baizik eta euren sentsazioa haratago doala; hau da, afari oparo baten ostean tripakada ederra egin eta aurrean janaririk ikusi nahi ez duen sentsazioa dutela. Nagusien kontua ere antzekoa: ez dakigu zer oparitu. CDak zertarako, dena Spotifyn dago eta; liburu bat behar badugu, Amazonetik erosten dugu urteko edozein garaitan; eta bestelako gailuak ere behar izan ahala erosten ditugu, ez daukagu zertan Gabonei itxaron.
Eta zer bihurtu da urtaro magiko hau? Estres garaia; ezin jakin zer oparitu, guztiok dena dugu, baina arbola azpiak ezin ditugu hutsik laga. Zerbait erosi behar, baina gutunak hutsik eta umeak eta nagusiok ilusio gabe; era berean, kontsumoaren gurpil eroa ezin da gelditu. Norbaitek esango dit zahartzen ari naizela eta nostalgiko hutsa bihurtu naizela, igarotako edozein garai egungoa baino hobea dela uste duten horietakoa; baina nik neuk nahiago dut aurreko mendeko ilusioa eta desira.