Lehenik eta behin, Ameriketako Estatu Batuetan sarri ikusi ditugun arazoekin parekatzen zuen jende gehientsuenak, eta ondoren etorri ziren bakoitzaren iritzi eta jakin-nahiak. Egia da guztiok izaten dugula ulertezintzat zaigun horrelako portaera baten aurrean sakonean dagoen motibazioa jakiteko nahia. Galdera asko zeuden erantzuteko: zergatik egin zuen? Zer nahi zuen lortu? Nola lortu zuen eskopeta bat? Eta abar.
Hasierako informazioaren arabera, argi zegoen, hasiera baten uste zen moduan, erasotzaileak buruko gaitz garrantzitsua zuela. Hori horrela izanik, nire lehen sentimendua errukia izan zen. Gaixo dagoen pertsona baten egoerak tristura sentiarazten dit, baina, itxura denez, guztiok ez gara berdinak. Hainbat kazetarik erasotzailearen arlo pribatuan arakatzen jarraitu zuen eta zenbait kontu ilun argitaratu ziren.
Egun haietan, autobus bat hartu nuen, eta bertan hainbat ikasle zihoazen; hauek barrez eta isekaz irakurtzen zuten egunkari jakin bateko erasotzailearen profila. Hori gutxi ez, eta Unibertsitateko irakasle batek bere sare sozialetan burla moduan armen erabileran trebatzen ari zela jarri zuen. Non dago arazo bat duen pertsona batekin enpatizatzeko gaitasuna? Ikaskideen elkartasuna? Irakaslearen sentiberatasuna? Egungo erronketariko bat hezkuntzaren humanizazioa zela uste nuen.
Gizaki solidario eta konprometituak heztea da hezkuntza sistemaren oinarrietariko bat. Euskal Herriko Unibertsitateak berak duen ikaskuntza sistemak berak irakaskuntza kooperatibo eta integratzailea bultzatzen du, baina ez dakit helburuak lortzetik urrun ez garen geratzen ari eta asmoak paperean baino ez diren gelditzen ari.