Kirolaren balioak

Erabiltzailearen aurpegia Iker Badiola Etxaburu 2021ko ira. 17a, 00:00

Aurten Olinpiar Jokoak izan ditugu, nahiz eta 2021a ez den olinpiar urtea. Pandemia malapartatu honen beste ondorio bat baino ez da izan urte bete geroago ospatzea.

Gogoan dut gazteagoa nintzenean gustura ikusten nituela hainbat eta hainbat kirol normalean ez nituenak jarraitzen. Olinpiaden xarmetariko bat izaten da hain ezagunak ez diren kirolak ikustea eta, hein batean, ikastea. Gaur egun, laneko ardurak direla-eta, gutxiago ikusi dut, baina lanera bidean irratian entzuten nituen albisteak. Guztien gainetik, jarrera batek eman zidan atentzioa: Olinpiar Jokoak hasi baino egun bat lehenago, espainiar atleta olinpiko ohi baten iritzi artikulu bat irakurri nuen egunkari baten. Olinpiar Jokoen balioak goraipatzen zituen. Berak hiru ekitalditan parte hartu zuen eta kirolarien artean bandera, arraza eta, gauza guztien gainetik, elkartasuna eta adiskidetasuna sentitu izan zituela kontatzen zuen, eta, bere aburuz, domina eta loriaren gainetik zegoela kirolaren muinean dauden balioak. Hori buruan nuela, irratiz bada ere aurtengo ekitaldia jarraitzen hasi nintzen, eta, hara non, espainiar bat belaontzien lasterketan laugarren postuan zihoan, eta brontzea lortzear zen. Kontatzen ari zen kazetaria garrasika hasi zen eta arren eskatu zuen hirugarren sailkatuak zorigaiztoko istripu bat izatea. Bat-batean, beste kazetari batek txanda eskatu zuen Espainiako futbol selekzioaren partidaren azken momentuak kontatzeko, eta, markagailua alde izanda, jokalari bat lurrean zegoela kontatzearekin batera laudorioka aritu zen, denbora galtzea komenigarria zelako partida bukatu eta irabazteko. Zur eta lur nengoela, hirugarren baten kontakizunak azken errematea eman zuen. Emakumeen martxa lehiaketan espainiar baten jarduna kontatzen ari ziren; bosgarren zihoan, eta azken kilometroan sartuta bere aurretik zen brasildarra zigortu zuten metan sartzeko metro eskas batzuetara, brontzezko domina esku-eskuan zuela. Kazetariak epaileen erabakia pozez eta algaraz hartu zuen eta besteren bat kanporatzeko aukerak zeudela esaten zuen, neure burutik kirolari haren samina pasatzen zen bitartean; bost urte Olinpiar Jokoak prestatzen eta domina bat lortzeko hirurehun metroren faltan, akabo ametsa.

Entzuten ari nintzenaren arabera, kirolaren gainetik banderaren eta tribuaren garrantzia zegoen. Garai bateko gerretan estatuek gailentzeko zuten grinaren pareko ikusten nuen jokoen jarduera. Egoera tamalgarria irudituta ere, galdera bat egin nion neure buruari: egunen baten euskaldunok euskal selekzioaren izenean parte hartzeko aukera izango bagenu, nola jokatuko genuke?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak