Alde horretatik, joerak ez dira aldatu, orain ere gure gazteenek euren gustuko txokoak aurkitzen dituzte bakoitzak nahiago dituen jarduerak egiteko, baina bada gauza bat nire ume garaitik aldatu dena, edo horren susmoa daukat, behintzat. Gaztetxoek egunero eskupekoa edo paga izaten dutela litxarreriak erosteko. Nik ere San Joan bezperan hasten nuen opor-garaia eta irailaren erdialderaino ez ginen eskolaratzen, baina bi hilabete eta erdian ez nituen egunero litxarreriak jaten. Arratsaldeetan ogitartekoa jaten genuen fruta batekin.
Esango nuke gurasoak, orokorrean, oso kontzientziatuta gaudela gure seme-alaben osasunarekin eta jakintza ere inoiz baino gehiago dugula gure eskuetan, baina ez dakit kontu honetan askorik hausnartu dugun. Batzuetan uste dut ongizate-gizarte deiturikoak tranpa bat jarri digula. Gure ume garaiarekin konparatzen badugu, gaur egungo familien eroste ahalmena asko hazi da, batez beste; batez ere, familia askotan bikotekide biek dituztelako diru-sarrerak. Gure seme-alabei eman ahal diegun eguneroko pagatxoak ez digu esfortzu ekonomiko berezirik eragiten; baina eskaintzen diegun eredua baliagarria izango zaie etorkizunean? Gure seme-alabek badute tresna nahikorik eguneroko diru-sarrera behar den moduan kudeatzeko? Zer da zailagoa, ematea edo ez ematea?
Nire ustez, bi gai nagusi daude mahai gainean: batetik, elikaduraren ikuspuntutik, eguneroko kontsumo ez-osasuntsuak dakarren eragina osasunean. Hitz gutxi batzuetan esanda: konturatu barik, pozoitzen ari dira, eta ardura gurasoona da. Eta, bestalde, kudeaketaren eta esfortzuaren kultura. Esfortzu barik lortzen denak ez du baliorik, eta baliorik ez emateak errealitatetik kanpo jarri dezake pertsona, eta etorkizunean baliagarri izango zaizkion balio eta tresnak lantzeko aukerarik gabe. Udan lanaldiak eten edo erlaxatzen badira ere, guraso izateak ez luke oporrik hartu beharko.