Autobusa hartzerako bidean, zebra-bide bat igaro behar dut, eta, astegun goiz baten, goizeko zortziak aldera lehen aipaturiko pasalekutik igarotzen ari nintzela, pauso normalean, zain zegoen kotxeak klaxona jo zidan eta kotxe barrutik imintzioka hasi zitzaidan, azkarrago pasatzeko keinu nabarmenak eginez. Ez dakit zenbateraino kontziente garen klaxona jotzearen keinuaren esanahiaz. Nik neuk garrasi egitearekin parekatzen dut. Kalean bagoaz eta norbaitek bidea oztopatzen badigu, garrasi egiten diogu? Zergatik aldatzen zaigu aldartea esku artean bolante bat hartzen dugunean? Bortizkeria eta oldarkortasun maila igo egiten dugu, orokorrean, errepidean gaudenean. Kotxeak urduri jartzen gaitu edo orokorra da gure egunerokotasunean daramagun estresaren ondorio moduan edozein gertakariren aurrean horrela erantzutea? Edonola dela ere, ez zait buruan sartzen nola pertsona batek salatu dezakeen oinezko batek zebra-bidea igarotzeko duen eskubidea. Espero dut gidari hark bere arrazoi sendoak izango zituela horrelako jokaera izateko, baina zer ote dago portaera horren atzean? Gustatuko litzaidake jakitea.
Bigarren pasartea, berez, berdina da, baina ñabardura garrantzitsu bat du: askoz ere astiroago ari nintzen igarotzen pasabidea, haurdun zegoen emakume batekin batera nindoalako. Eta kasu honetan, nire galdera askoz ere sinpleagoa da: zer-nolako gizartea ari gara sortzen? Zebra-bide bat igarotzen ari den emakume haurdun bati garrasi egiten dion gizartea. Zer ote gure buruan? Animalia arrazionalak garela edo ginela esan ziguten. Eta zergatik jarduten du gizakiak batzuetan irrazionaltasunetik? Gizarte eredua ote? Gure bizimoldea? Edo barruan daramagun animalia irrazionala? Dena dela ere, gauza bat aitortu behar dizuet: bi kasuetan, garrasika erantzun nien. Seinale nik neuk ere zerbait hausnartu beharra daukadala. Zer ote?