Aste Santuko opor aurretik, Eusko Jaurlaritzak murrizketen inguruko erabakia plazaratu zuen. Hein baten, neurriak apur bat lausotu ziren. Berria lehenengo albiste zen irrati, egunkari eta telebistetan, eta jendartean puri-purian zegoen eztabaida. Lanerako bidean irratia entzuten nindoan, eta neurri berriak azaldu eta gero kalera jo zuten jendearen iritzia jasotzera. Denetariko erreakzioak zeuden, baina niri azkenak eman zidan atentzioa, eta honela esan zuen: "Bizi ere egin beharko gara, ba!". Eta banago esaldi harekin bat egiten duen jende asko dagoela. Esaldi hark zuzen-zuzenean jartzen zuen bizitzaren zentzua aisialdiarekin eta kanpora irtetearekin, eta hor hasi zen nire hausnarketa. Kanpora irtetea aukera bat edo beharrizan bat da? Ez badugu aukerarik gure herri, auzo eta hirietatik irteteko, ez al dugu bizitza plenoa? Zein da bizitzaren benetako helburu eta zentzua? Psikologian eta soziologian ez naiz aditua, baina nabarmen ikusten dut azken urteetako mendebaldeko gizaki modernoaren joera. Teknologiak, aberastasunaren banaketa hobeak eta ongizateak ekarri digun balizko askatasunaren gatibu bihurtu al gara?
Gure aitona-amonek bizi oso bat pasatzen zuten euren herri eta auzoetatik irten barik. Ez al ziren bizi? Beste era batera bizi ziren, argi dago. Ondokoari eta auzokoari lotuago, herriari atxikiago eta gizarte moduan batuago. Elkar-lanak eta auzo-lanak ez ziren horrela deitzen, ohikoak eta eginkizun arruntak zirelako, normaltasunean sartzen ziren. Orain, guk ez daukagu horretarako denborarik, gure bizikidetza nukleo txikia hartu eta ihes egin behar dugu itotzen gaituen eguneroko bizilekutik. Guri beste aukera batzuk bizitzea tokatu zaigu, baina, aukerak beharrean beharrizan moduan hartzen baditugu, ez dakit benetan biziko garen edo aukeren morroi bihurtuko ez garen.
Argi daukat gure arbasoek ere garai hau bizi izan balute berdin jokatuko zutela, gizakia berdina delako; garaiak dira aldatzen direnak. Garai berriei moldatzean dago gakoa. Behin entzun nuen poztasuna ekuazio bat zela: daukaguna ken desiratzen duguna.