M24 ikasle greba! Zergatik?

Erabiltzailearen aurpegia Ikasle Abertzaleak 2022ko mar. 18a, 11:05

Hezkuntza sistemak duen arazoa estrukturala da. Bestela esanda, sistema aldatzea beharrezkoa zaigu, hezkuntza doako, kalitatezko eta unibertsal bat eraikitzeko.

Ikasle Abertzaleak eragiletik, grebara deitu dugu martxoaren 24an Hego Euskal Herriko ikasleria “hezkuntza erreformak gelditu” lemapean. Sistema kapitalista krisian dago. Nola ez, honek hezkuntzan ere eragin zuzena du, berrestrukturazio fase honetako tresna baitira ezartzear dauden hezkuntza erreformak: LOMLOE bigarren hezkuntzan, LOSU unibertsitatean eta lanbide heziketa plana. Erreformen ezarpena oharkabean pasatu bada ere, hauen funtzioak eta ondorioak problematizatzeko garaia dela uste dugu.

Zein da ordea egun hezkuntzaren egoera? Zein da ikasleen egoera?

Bigarren hezkuntzan ikasturteko bataz beste 664€ gastatzen ditu ikasle bakoitzaren familiak hezkuntza publikoan.  Bost ikasletik batek antsietatea du. Gure eskualdeko ikasleen %50ak baino gehiagok klase partikularrak jasotzen ditu, kurtso honetako inkestetan bildu genituen datuen arabera.  Horrekin nahikoa ez, eta ugariak dira zentroetako kontrol mekanismoak. Izan inika, alexia, classroom edo bestelako plataforma digitalen bitartez emandakoa edo zuzenean kamarak ezartzearen bitartez emandakoa (arrasateko institutuan adibidez). Kontuak hala, ikasleriaren %16ak ez du DBH bukatzen.

Testuinguru honetan onartuko diren aurrez aipatutako erreformek, auzi hauek konpontzetik urrun, aldaketa estetikoak egin eta arazoak betikotzeko balio dute. LOMLOEren onarpenak, esaterako, bere aurrekoa den LOMCEk sortutako gatazka soziala baretzeko balio izan du. Guk, hiru kritika nagusi egiten dizkiogu legeari: Batetik, lan egiteko bakarrik hezten gaituztela uste dugu, garapen pertsonalerako eta arlo desberdinetarako jakintza eskurarazi beharrean. Bigarrenik, kontrol soziala areagotzen ari da. Zergatik jasotzen dituzte gurasoek gure notak guk baino lehenago? Zergatik berandutze edo faltak momentuan? Bestetik, LOMLOEk balio aurrerakoiak mahaigaineratzea, fartsa bat iruditzen zaigu. Hezkuntzak ez digu ikuspegi kritiko bat garatzeko baliabiderik ematen eta ikastetxeetan ohikoak dira antolakuntza politikoaren kontrako jarrerak eta irakasleen portaera autoritarioak. Gure iritziz, ordea, arazoa ez da lege baten edo bestearen ñabarduretara mugatzen. Hezkuntza sistemak duen arazoa estrukturala da. Bestela esanda, sistema aldatzea beharrezkoa zaigu, hezkuntza doako, kalitatezko eta unibertsal bat eraikitzeko.

Laburbilduz, Debagoienako ikasleria osoa deitzen dugu, erreforma hauei aurre egitera bidean antolatu eta mobilizatzera. Bide batez, Donostiako mobilizaziora joateko autobuseko txartelak, ikastetxetan lortu ahal izateaz gain, gure sare sozialen bitartez eskura daitezke. M24 ikasleok grebara! Hezkuntza erroformak gelditu!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak