Udaberria iritsi berria da urteko bigarren elurtearekin batera eta jada bitxilorez beteta ditugu inguruko larre eta zelaiak. Udaberriarekin batera bete ditu Korrikak Euskal Herri luze zabaleko errepide zein kaleak. Udaberriko oportxoek ere eguneroko dinamikatik atera eta beste errealitate batzuetan murgiltzeko aukera eskaini digute.
Horren beharra maiz azaltzen da egunerokotasunean topo egiten dugunekin izaten ditugun elkarrizketetan. Topo egin eta gelditzeko tartea hartzen dugunetan, batez ere; hain goaz azkar egunerokoan, parekoa edota ondokoa nola dagoen jakiteko denborarik ere ez dugu ateratzen. Errutinaren erruberak bira ugari ziztu bizian ematen ditu, eta, gure gorputzak itolarria sentitu arren, errobera horretatik ateratzeko beldur gara, gelditzeko beldur gara, ekoizteari uzteko beldur gara.
Horrela goaz bidean, barneak esaten digunari kasurik egin gabe, gure barruan zer gertatzen ari den jakin gabe, aurrera egitean indarra jarriz, bide horren nolakotasuna zokoratuz. Azken hilabeteetan osasun mentalaz ere hitz egin izan da; bazirudien, pandemia hasieran bezalaxe, kontu honekin ere gauzak aldatzera zihoazela. Baina jendartean oraindik ere oso zabaldua dago depresioa, antsietatea edota bestelako gaixotasun mentalak dituztenak soilik doazela psikologoarenera, garapen pertsonalerako ere aukera paregabe izan daitekeela ahaztuta.
Askotan entzun izan ohi dut psikologoarenera joatea garestia dela, baina goitik behera begiratuta gure outfit-aren kontua horren hirukoitza edo laukoitza da eta gure aisialdia kanpora begirakoa eta kontsumoan eta itxurakerian oinarritua da.
60 euro, barrura begira jartzeko.