Maskulinitatea (II)

Erabiltzailearen aurpegia Iker Agirre 2021ko urr. 15a, 00:00

Iritzi artikulu honen gaia harilkatzen nenbilela, asko izan dira burura etorri zaizkidanak; esaterako, egun, oso modan dauden gaiak. Pandemian sartu gintuztenetik COVID-19ari loturikoak edota nerabeen zein gazteen inguruan marmarrean dabiltzan iritzi emaileek plazaratutakoak. Fokua testuinguru kutsakor horretatik aterata, pandemia aurretik zein gaur egun errealitatearen parte den gai bati buruz idatzi nahi nuen. Idoia Asurmendiren kontzertuaz gozatzen ari nintzela, Xabi Igoaren "negarrari beldurrik ez dioten gizonetan" hitzek, beste behin, nire baitan arrakala bat zabaldu zuten, Maritxutako bazkari instituzionala –kuadrilla bazkaria– gogora ekarriz.

Kuadrilla espazio seguru gisa kontsideratua izan da. Agian, kasu batzuetan, espazio segurua izan daiteke edota lagun taldearen baitan sortutako harreman batzuk seguruak izan daitezke. Baina zer gertatzen da harreman intimoetatik harreman publikoetara pasatzen garenean? Non gelditzen dira tristura, zaurgarritasuna eta beldurrak erakusten dituzten jarrerak? Zoritxarrez, honelako espazioek horretarako beharko lukete, eta, maskulinitate hegemonikoarekin bat datozen jarrerak erreproduzitu beharrean, konfiantzaz, gizon guztiok ditugun une goxo eta zaurgarriak partekatzeko baliatu beharko lirateke. Tamalez, maskulinitate hegemonikoa erreproduzitzeko gune ugari ditugu eta maskulinitate berriak eraikitzeko oso gutxi.

Honekin ez diot perfektua naizenik, gizon gisa gaizki eginak asko ditut, aurrerantzean ere izango dira hanka-sartzeak eta ondo egindakoak. Baina arduraz bizi dut egungo egoera, eta horretarako zer hobeto, barrura begiratu eta behatzeaz gain, partekatzeko gune seguruak kolektiboki sortzea baino. Feminismoaren baitan emakumeek* ibilbide bat egina dute jada eta gizonok ere norabide berean geurea egin beharrean gaudelakoan nago, txikitik hasita bada ere, gune hegemonikoetan ahalduntzeko.

Eta zuk nola bizi duzu zure lagun taldea?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak