Horren guztiaren gainetik, osasun langileak, hezkuntza eta herri mugimenduko eragileak, euskara elkarteak, ostalariak, autonomoak, eta abar, eta abar, izugarrizko ahalegina egiten ari dira egoerara moldatu eta modu duinean bizirauteko.
Baina gaur, bereziki, gazteez arituko naiz; konfinamendu garaian, nerabeak etxean giltzaperatuak izan genituen, beraien esploratzeko eta esperimentatzeko nahia/beharra ukatuz. Orain, edozer egiten dutela ere, batzuen ahotan etorkizuna direnen hauek daude jomugan, oraina ere badirela ahaztuz. Epaitu aurretik autokritika egitea ondo legokeela iruditzen zait; nork ez du bi astetik behin aldatzen diren arauren bat hautsi? Akaso, garbi al dauzkagu unean-unean indarrean dauden neurriak? Nik neuk, behintzat, ez dut oso argi momentu oro zer egin daitekeen eta zer ez.
Ezin dugu ahaztu nerabezaroak gure bizi prozesuetan duen garrantzia; haurraren eta helduaren arteko trantsizio bat da, bizitzan aldaketa handiena gertatzen den etapa, hain zuzen. Guk geuk ere identitatearen oinarri handi bat tarte horretan sortu genuen eta gaur garena etapa horri zor diogu.
Azkenaldian, kezka sorrarazten dit nerabeen eta gazteen aurka gogor jotzen duten diskurtsoek kalean zein hedabideetan hartu duten bolumenak, eta, hori gutxi balitz, ertzainen jokaerak txalotzeko erabiltzen diren diskurtsoen zentralitateak. Ikusi besterik ez dago erizainak behar ditugun honetan egin zaitez ertzain, es tu futuro iragartzen duten iragarkien maiztasuna. Egin zaitez e̶r̶t̶z̶a̶i̶n̶ erizain, zeure eta geure etorkizuna da.