Pandemiatik, elkarlan dinamiketara

Erabiltzailearen aurpegia Iker Agirre 2020ko urr. 27a, 06:00

Azken egunotan, gora doa COVID-19 kasuak egunetik egunera zenbatzen dituen marra, oraindik ere; beheranzko joera hartzeko deseatzen gaude. Debagoiena 2030 proiektuaren baitan, etxealdi garaian pandemiak eragindako bizipen, sentsazio eta balioak identifikatzeko dinamika jarri genuen martxan. 2019an entzute zabal bat egitetik gentozen, eta, oraingo honetan, zenbait kanal –hedabideetako albisteen analisia, aurrez aurreko elkarrizketa motzak, behaketak, gazteen pertzepzioa jasotzeko dinamika…– gehitzea erabaki genuen ariketa horretan, informazio aberatsagoa jasotzeko asmoz. Hala, pandemiak eragindakoak jendartean izan duen inpaktuaren inguruko behaketa egin genuen.

Bertan jasotako informazioak eragin nabarmenak utzi dituela ondorioztatzera garamatza, bereziki, hezkuntzan, osasunean, kale bizitzan, enpleguan eta familietan. Baita ezegonkortasun sentsazioa eta beldurra nabarmen areagotu direla ere.

Lan eremuari dagokionez, kontsumo jaitsierak krisi ekonomikoa eragin duela ondorioztatu dugu, bereziki, automobilgintzan eta merkataritza/ostalaritzan, langabezia areagotuz eta lan baldintzak okertuz. Elikagaien sektorean, berriz, salmentak areagotu egin dira, baina ekoizle txikiek beste salmenta kanal batzuk hautatu behar izan dituzte.

Osasuna, lehen lerrora

Osasunak lehen ez zeukan garrantzia hartu du jendartean, osasun sistema on baten beharra azaleratuz. Aldi berean, osasun arlo sendoa izateko pertsona multzo handi baten lana eta estatus baxua duen emakume-kolektibo jakin batek egindako lanak –zaintza, garbiketa…– ere funtsezkotzat ikusi dira. Hala ere, etxealdiak osasunean zenbait albo-kalte eragin ditu; besteak beste, estresa, antsietatea, agurrik gabeko dolu prozesuak, e.a.

Hezkuntza alorrean, osasun krisiak eskolak eta aisialdi eskaintza ez-formala ixtea eragin zuen. Hori horrela, egun batetik bestera, eskolak online formatura igaro ziren, arrakala digitalaren eraginez eta eduki berriak zein motibazioa sustatzeko zailtasunak areagotuz. Gainera, hezkuntza online ereduak zein etxeratzeak zuzenki eragin du haur eta nerabeen hizkuntza erabileran, zenbait familia erdaldunetan euskararen presentzia murriztuz.

Pandemia honen eragin nabarmenenak kolektibo zaurgarrienek –emakumeak, aniztasun funtzionala duten pertsonak, migratuak, adinekoak, haurrak eta gazteak– jasan dituzte. Esaterako, elikadura beharrak asetzeko zailtasunak dituzten pertsonak %25 ugaritu egin dira. Horretaz aparte, adineko zein haurren bizimodua erabat baldintzatu du pandemiak, hauen askatasuna, eskubideak, harremanak eta mugimendua mugatuz. Azkenik, iraunkortasunaren alorra aldizkari eta artikulu ezberdinetan presente egon arren, jendartean ez da horrekiko atxikimendu eta kezkarik sumatu.

Egiteko modu berriak

Hau guztiau gertatu bitartean, egoera honek baldintzatuta, eta mugitzeko murrizketak batez ere gure eguneroko joan-etorriak gutxitzea eragin duen arren, beste egiteko modu berri batzuk sortzen joan dira; besteak beste, era ezberdinetako zaintza sareak, tokiko merkataritza sustatzeko ekimenak, haurrekin eginiko mintzapraktika saioak, babeserako materialen sorkuntza enpresa eta norbanakoen taldeak, adinekoen jarraipen telefonikoa, elikagaien bankuaren dimentsionamendua, zerbitzu ezberdinen birpentsatzea, e.a. Konformeago egon ala ez, elkarlanean, aurrera egiteko moduak asmatu eta moldatu behar izan ditugu. Jendarteak honelako egoera bati erantzuteko gaitasuna duela begi bistan jarriz. Etorkizun hurbilean ere, zenbait erronka izango ditugu parez pare; esaterako, kohesio soziala, krisi klimatikoa, lanaren etorkizuna… eta hauei erantzuteko tokian tokiko soluzioak bilatu beharko ditugu. Hala ere, egungo jendartea geroz eta konplexuago bilakatzen ari dela jakitun izanda, orain arte gailendu diren egiteko moduek, bere horretan, ez dute honelako erronkei erantzuteko gaitasunik izango. Horrexegatik, eta bizi garen testuingurua kontuan izanda, ezinbestekoa izango da orain arteko funtzionamendua egiteko moduak berriekin uztartzea eta eskualde honetan modu ezberdinetan artikulatutako lankidetza beste behin ere martxan jartzea.

Txatxilipurdi elkartean, azkenengo urteetan ere logika horretan gabiltza lanean, maila ezberdinetan ditugun erronkei erantzuna emateko ezinbestekoa iruditzen zaigu inguratzen gaituzten askotariko agenteekin elkarlanean aritzea. Horregatik, eta elkarlan horrek sor ditzakeen ikasketa eta harremanengatik, hasiera batetik Debagoiena 2030 lankidetza sarearen parte izatea ezinbesteko ikusi dugu. Euskal Herri mailan ere, logika beretik, gure helburuekin bat datozen egitasmo zein eragileak saretu eta elkarlanean zenbait proiektu martxan jartzen gabiltza. Hezkuntzaren ardura, gaur-gaurkoz, gehienbat, eskolaren eta familien gain jauzi dela eta haurtzarora mugatzen dela ikusirik, ikuspegi hori zabaltzeko asmoz herri hezitzaileen filosofia amestu dugu zenbait eragilerekin batera. Eta filosofia hau eskualdera zein herrira ekartzea izango da Debagoiena 2030 lankidetza sarean gure ekarpena.

Aspalditik gatoz, urrutira goaz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak