Itzalpeko maskulinitateak

Erabiltzailearen aurpegia Iker Agirre 2019ko urt. 25a, 07:44

Futbolak eredu hegemonikoa bultzatzen duen garai hauetan, maskulinitate berrien gaia gero eta entzunagoa da jendartean.

Berriak izan beharrean, itzalpekoak direla esango nuke. Historian zehar, badira maskulinitate hegemonikotik haratago –feminitaterik gabekoa, arriskuzalea, gogorra, indartsua…– beste eredu batzuk aurrera eraman dituzten gizonak, modu batean edo bestean, zigortuak eta zapalduak izan direnak.

Baina zer da gizon izatea? Zerk egiten gaitu gizon? Askotan, teoria oso ikasia dugula iruditzen zait, nik barne. Baina zer gertatzen zaigu jauzi egin eta praktikan zentratzen garenean? Pribilegioen galera? Zer esango duten beldurra? Prozesuan biziko dugunaren zalantza? Barruak mugitzen zaizkigula esango nuke.

Txikitatik jasotako heziketaren ondorioz, begietan sare fin eta gardena eratzen zaigu, gizontasunaren inguruan eraikita ditugun oinarri sendoak geureak direla sinestarazten. Horren aurrean, ezinbestekoa da barrura begira jarri eta nork bere identitatearen inguruko galderak egitea, hori izango baita norbera dena hobeto ezagutzeko bidea.

Askotan, ardura jendartearengan jartzen dugu; begibistakoa da horrek izugarrizko eragina duela gugan, baina prozesua eta hausnarketa norberaren baitatik hastea askoz aberasgarriagoa dela esango nuke. Norbanako gisa ditugun bizipenak zerrendatu, arakatu eta kolektibizatu beharrean gaudela uste dut. Horretarako, gizonok juiziorik gabeko espazioak behar ditugu, testuinguru eroso eta seguruak, itzalpeko maskulinitateak ahaldundu eta betaurreko berriekin kaleratzeko.

Aurreko lerroak irakurri eta gero, baliteke batzuk oraindik gizonok berdintasunean dugun paperaz ohartu ez izana, eta, agian, batzuek erruduntasunetik eraikiko dute bidea. Nik nahiago dut arduratik eraiki, jendarte parekide baterantz urratsak emateko orduan, gizonok dugun roletik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak