Sutondoan

Erabiltzailearen aurpegia Irati Itziar 2021ko urt. 22a, 00:00

Gaur, oso gustura ikusten dudan sukaldaritza programa bat aipatu nahi dizuet. Programa herriz herri doa eta tokiko betiko errezeta eta plater tipikoenak erakusten dizkigu. Herriko elkarte edo etxe baten kokatzen dira, bertako sukalde tradizionalean. Horixe baita programaren ezaugarri nagusia, sua: subajoan, sutondoan, beheko suan, supazterrean, sutantzean, suburuan, suetean, supekian, supizguan, sutean, sutokian… betiko sukaldean egindako errezetak direla.

Eta bereziki gustuko dut programa, emakumeak agertzen direlako sukaldean egiten. Askotan, ahoa betetzen zaigu gure amonen sukaldaritzarekin, baina gutxitan ikusten ditugu telebistan protagonista.

Jakia nola prestatzen den erakutsiko digute, etxean ikasten den bezala, eginez: neurriak etxekoak dira –apur bat, basokada bat, kilo erdi…–, teknikak berdin –moztu, frijitu, nahastu, egosi…–, osagaiak ere betikoak eta bertakoak –irina, patata, txerrikia, olioa…–.

Errezeta azaldu eta erakusteaz gain, beraien bizitzara leihotxo bat irekitzen digute: "Amak –edota amona– irakatsi zidan errezeta hau eta nire ilobei egiten diet", "hau eguneroko jana zen, langileen janaria", edota "hau jaietan bakarrik egiten zen, egun seinalatuetan". Eta pasadizoak eta abestiak ere botako dituzte, "gure ortuko produktuak dira, etxeko txarribodakoak, lehen ez zeuden hainbeste gauza orain bezala...".

Gertakizun eta bizimoduen argazkiak ere badira errezeta hauek. Iraganeko lan eta bizitzeko moduen isla. Errezeta pobreek gose garaien memoria dakarte; ospakizunetako plater oparoek, alaitasuna eta jai-giroa.

Hainbeste kutsatze-tasaren, indizeren, hildakoren, debekuren eta segurtasun-neurriren ostean, gustura ikusten den programa da, arnasa hartu eta eguneko tentsioa jaisteko atsegina, sutondoan –baneuka– ikusteko modukoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak