Ezkerretik gidatzea arriskutsu bihurtzen zuen arazo nabarmen bat zeukan Suediak: autoen %90ek bolantea ezkerrean zeukala. Ulertzekoa, beraz, aurrez aurreko istripuen indize altua.
Sekulako egitasmoa zen: milaka kale eta errepideren noranzkoa aldatzeaz gain, are konplikatuagoa izango zen zortzi milioi suediarri trafikoaren pertzepzioaren zentzua aldatzea. Lau urtetan zehar alimaleko publizitate eta informazio kanpaina abiatu zuten.
Eta iritsi zen Dagen H eguna; hau da, Dagen Högertrafikomläggningen eguna –literalki: "trafikoaren noranzkoa aldatzen den eguna"–. Gauean trafikoa debekatu eta seinaleak aldatu, semaforo berriak jarri, autobideetako sarrera eta irteera berriak markatu... dena gau bakar batean prestatu zuten. Hasieran kaos egoera batzuk gertatu baziren ere, suediarren memorian daude errepidea aldatzerakoan trabeska gelditutako autoen irudiak. Istripuek ez zuten gora egin, kontrakoa baizik, bolantea behar zuen lekuan izateak eta jendearen zuhurtziak lagunduta, duda barik.
Bitxikeria hau kontatu dizuet, nolabait nire gogoeta ilustratzeko: errepideen noranzkoa eta gidatzeko ohiturak aldatzeko Suedian lau urteko kanpaina eta gau bateko lana behar izan zuten. Gurean, aldiz, gure ohitura eta noranzko sozialak ia egun batetik bestera aldatzera behartuak izan gara, eta ez da dena gau batean konponduko, luzera izango da prozesua. Ez da erraza izango, baina konbentzituta nago zentzudunak izan, informazioari kasu egin eta zuhurtzia apur batekin, lortuko dugula pandemiaren noranzko arriskutsua aldatzea.