Nire uste harroan

Erabiltzailearen aurpegia Irati Itziar 2019ko ots. 15a, 07:31

Halaxe amaitzen zuen aurreko baten Garbiñe Ubedak bere irratiko zutabea; azken pentsamenduei indarra emateko bota zuen, eta baita lortu ere, nire memorian iltzatuta gelditu den esaldia izan baitzen.

Gure ustea, iritzia, gogoeta modu xume eta umilean emateko hezi gaituzte. Gainera, uste hori ustela ere izan daitekeela esaten digu gure tradizioak, mezuari zentsura instantaneoa aplikatuz.

Baina zure gogoeta, iritzi, uste, pentsamendu horretaz seguru bagaude, meditatua izan delako, ondo argumentatu dugulako, esperientzian oinarritzen delako... nola ez dugu, ba, harro adieraziko?

Emakumeok altuan, publikoan, jendearen aurrean, gure iritzia emateko daukagun eskrupuloa –bai, handiagoa ala txikiagoa izango da, baina egon badago– ezaguna da, aztertua izan da eta nolabait azaldua ere, baina hor dirau. Gehitu honi harrotasuna, seguru eta ahaldundu agertzearen adieran, gizonezkoen ezaugarri markatu izan zaigula, emakumeok umilak eta diskretuak izan behar genuen bitartean.

Horregatik begitandu zait hain indartsua Garbiñeren esaldia, emakumea bere iritzia adoretsu ematen erakusten digulako, ‘"uste apala"-ren esaldi kosmetikoa parafraseatu eta harrotasuna eta segurtasunaren ideia gehituz. Eta ez, ez zen harropuzkeria, ez zen handiuste baten monologoa, emakume indartsu baten diskurtsoa baizik, bere iritzia –ustea, pentsamendua, gogoeta– modu seguru eta boteretsuan ematen ari zena.

Emakumeok plazak, gune publikoak, irabazten joan behar dugula aspaldi esana dago, geure kabuz eta geure merituengatik protagonista izan eta agertu, geure pentsamendua eta ahotsa adierazi. Plaza horiek egunero agertzen zaizkigu eta egunero konkistatu behar ditugu. Horregatik, harrotasunaren kontzeptua geure egin eta egunerokotasunean aplikatzera animatu nahi zaituztet, apurka-apurka emakumeok gure bidea egiten joateko beste urrats bat egiteko interesgarria baita, nire uste harroan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak