Geroko gero kuantikoa

Erabiltzailearen aurpegia Irati Itziar 2018ko api. 13a, 09:33

Axularrek aspaldi gaztigatu zigun betebeharrak gerorako uzteak dakartzan kalteen inguruan. "Gerotik gerora luzamendutan ibiltzea", bere hitzetan.

Jakina, erlijio betekizunei buruz ari zen.

Gaur egun, guk beste hitz bat erabiltzen dugu egin behar dugun hori geroratzen ibiltzea adierazteko; ahoskatzeko zaila, modernoa eta guztiz laiko begitantzen zaigun hitza: prokrastinazioa, hain zuzen ere.

Badaezpada, terminoa Wikipedian begiratu dut, gogoeta ondo kokatzeko, eta zera deskubritu dut: Jarreraren borondatezko nahasmendua edo trastornoa dela.

Alajaina!

Hau da, ohiko nagikeria galanta arrunta maila zientifikora eraman, izen hieroglifikoa jarri, eta trastorno izendatu dutela.

Hemen nabil, ba, ni trastornatuta zutabe hau idazteko jira eta bira, halako baten orain gutxi irakurritako berri bat gogoratu dudanean.

Hara non, esperimentu batek frogatu du errealitatea ez dela existitzen behatua edo neurtua den arte, maila kuantikoan, noski.

Fisika kuantikoaren galdera kitzikagarrienetako bat omen da guk antzematen dugun mundua geure zentzumenek sortua ote den.

Fenomenoak behaketaren bidez errealitate bihurtzen ote diren, alegia.

Bitartean, indefinizio egoera baten omen daude: badira eta ez dira, bizidunak dira eta ez bizidunak, uhinak dira eta partikulak.

Beraz, Axularren axioma gainditu eta ondorioztatu dezaket, maila kuantikoan ez bada ere, nire lana geroko gerorako utzi eta lotsagabeki prokrastinatu badut ere, baditudala segundo milaren batzuk idazten jarraitzeko.

Izan ere, nire zutabe hau ez da existitzen zuk –irakurle– behatu arte, zutabea kuantikoki erreal bihurtzen ari baita zuk irakurri ahala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak