Naturaren izua

Erabiltzailearen aurpegia Irati Itziar 2016ko api. 8a, 08:49

Sentitu al duzu inoiz naturako espazio ireki eta hutsen zirrara?

Ez dut esan nahi agorafobiarik ote daukazun, ez da hori. Naturan bakar-bakarrik egotearen zirrarari buruz ari naiz. 

Orain berri irakurri dudan ipuin batek horixe sentiarazi dit, nire etxeko sofan eserita banengoen ere. Ehiztari talde bat Kanadako baso galdu batera doa espedizioan. Baso erraldoietan barna doaz, gizakiak –gizaki zuriak, alegia– sekula zapaldu gabekoak. Bakarrik daude, isolatuta. Natura Basatia –maiuskulekin– inguruan dutelarik egon daitekeen bezain bakarrik, noski.

Behin taldea eta lekua kokatuta, ipuinak bide fantastikoa hartzen du. Naturako izpiritu misteriotsu batek gure protagonistak jazarriko ditu. Baina Wendigoaren –hala deitzen baitiote indiarrek– berri hurrengo baten kontatuko dizuet.

Ipuinak hain ondo deskribatzen duen zirrara sentsazioak zer pentsatu eman zidan. Gaur egun badirudi oso urruneko herrialderen batera joan behar garela halako espazioak –eta sentsazioak– edukitzeko. Gure inguruko paisaia naturala ia guztiz erabilita, eraldatuta, baitago, eraikuntza, azpiegitura edo nekazaritza eta abeltzaintzarako moldatutako lurren bidez. 

Hala ere, orografiari esker, baditugu mendiak eta basoak inguruan. Ez dira ipuinekoak bezain basatiak eta ukitu gabeak, ez dira hain hutsak, baina Natura da hori ere. Toki bakartiak topatzeko aukera badaukagula, hain zuzen. Baina Naturan bakarrik eta babesgabe sentitzeko gaitasuna ba ote dugu? Sentitu al duzu inoiz halakorik?

Egin ariketa: aukeratu egun lasai bat, hurbildu inguruko baso batera eta egon adi, gune basati baten bakarrik zauden kontzientzia hartu, eta, ez dakit Wendigoa agertuko ote zaizun, baina seguru bizkarrezurretik gora hotzikararen bat edo beste sentituko duzula.

Ipuinaren erreferentzia emango dizuet, zuek ere disfrutatu dezazuen, lan bikaina baita: Algernon Blackwood, The Wendigo.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak