Eguzkiaren gozoa, baina, ederki mikaztu zidan Bergarako taldearen entrenatzaile gazteak. 90 minutu oso-osorik erdara batean, euskaraz jakin badakien arren. Ezta "aupa mutilak" soil bat ere.
Burgosko partidu bat ikusten ari nintzela esanez gero eta entzuten ari nintzenaren arabera erantzun beharko banu, sinistu.
Baina ez, Bergaran, euskaraz ederki ulertzen duten 16-17 urteko mutil talde baten entrenatzailea zen.
Bestaldean UDAko entrenatzailea guztiz alderantziz. Dena euskaraz. Eta baita arbitro gaztea ere, txukun. Eta nire artean pentsatzen nuen: "Kanpofubolian danek euskeraz jakixek eta a ze aldia entrenatzaile bati edo bestiari entzun. Zeinek esan bihar jotsak zeozer mutil honi?".
Dena esan behar bada, erdara batean baina partidua irabazita pozik joan zen entrenatzaile hori.
Harrezkero, gertakariari buruz berba egin eta enteratu naiz UDAk euskararen erabilera eta tratamenduari dagokionez egiten duen lanaz. Hezitzaile eta entrenatzaileek euskaraz aritzeko betebeharra, barne komunikazio guztia euskara hutsean, sare sozialetako komunikazioa euskara hutsean, gurasoekin komunikazioa euskaraz edo ele bitan egitea…
Hainbeste jende mugitzen duen erakunde batean guztia lotuta izatea ez da beti posible izango, baina azpimarratzekoa da ahalegina.
Beste kontu bat da gazteek zein hizkuntza erabiltzen duten kirola egiten ari direnean –eta hortik kanpo–.
Baina, hasteko, beraientzako erreferentzia diren hezitzaile, entrenatzaile eta klubeko arduradunek euskaraz jardutea ezinbestekoa da.
Horregatik aprobetxatu nahiko nuke tarte hau UDAko zuzendaritza eta hezitzaile zein entrenatzaileak zoriontzeko, zuen ekarpena euskararen erabileraren partidua irabazteko funtsezkoa delako.