Eta txundituta geratu ere. Nola liteke horrelako sinkronizitatez mugitzea? Talkarik batere egin gabe?
Gure komunitateok horrela funtzionatuz gero, bestelakoa litzatekeela bizitza, fluidoagoa, pentsatu nuen.
Horretara iristeko apur bat falta dugu. Eta bitartean zer? Partaidetza ahoz aho dabil, politikarien mingainetan ere bai, zorionez. Transparentzia ere bai. Nola, baina, praktikan ipini?
Asanbladak baditugu, eskala txikian arin eta eraginkor direnak, baina handitzean oztopo gertatu daitezkeenak. CUP datorkit burura, eta Arizmendiarrietak bultzatutako kooperatibok. Kontseilu errektorean egotea badakigu zer-nolako papeleta den. Nola kuestionatu zuzendaritzak eta bere asesoreek planteatutako estrategiak? Loa galtzerainoko gaizkiegona, goitik eta behetik estu hartuta.
Etsitasunetik, itzaletik, argi printza bat dakusat. Konfiantzazko gobernantza deituko diot. Erabaki guneetako pertsonek, hartutako erabaki bakoitzeko, honoko hauek argi jaso eta publiko egitea:
(1) Erabakia (zer), Helburua (zertarako) eta Arriskuak (zeintzuk, probabilitatea, gertatuz gero zer...).
(2) Erabakiaren justifikazioa: erabilitako estudioak, baztertutako alternatibak, zergatik hau; denak ados? Horrela ez bada, kontrakoen argudioak.
Horrela, erabakia gauzatzen denean neurtu ahal izango dugu helburua bete duen ala ez.
Gaizki joango balitz, galerak aurreikusiak leudeke eta ez genuke ezusteko sorpresarik sufritu beharko.
Batzar orokorrak gainean ditugu, eta bakoitzaren kooperatiban sistema sinple hau ezartzeko erabakia hartzea @GureEskuDago.
Udal, Aldundi eta Jaurlaritzan ere.
Bide batez, goian aipatu bideoko hegaztiok ez dira txantxangorriak, Arabako zozoak baizik.
Araba, zazpigarren alaba.
Ikusi, entzun eta amestera gonbidatzen zaiztuztet:
https://www.youtube.com/watch?v=M1Q-EbX6dso.
Aurrerapausoak emateko baita utopia.
-----------
Iñaki Idigoras
Oñati