Bi proposamen mahai gainean: bosgarren edukinontzia eta atez atekoa.
Honezkero bakoitzak badu iritzi propioa helburu berdinera –birziklatze tasa maximizatzea– iristeko soluzio egokiena zein ote den. Bataren eta bestearen aldeko eta kontrako argudio dezente partekatu ditugu.
Berriki, baina, orain arte entzun ez dudan batekin ohartu naiz. Atez atekoarekin artea egiten dugula, alegia. Elkarlan komunitarioan, egin ere. Gure inguruei, bakoitzak beretik eta aleka ipiniaz, bizia emanez. Metalezko enbordun zuhaitzak egunero jantziz eta erantziz, urtaroak pasako bailiran. Gaur lepo koloredun poltsez, ondoren enbor huts. Hosto-ontzi marroi batzuk bihar, eta gehienak goizean zehar eroriko badira ere, batzuek egun osoa iraungo dute, hosto urdinak etorri arte. Hauek eroritakoan marroiz janzten ditugu zuhaitzok, eta hurrengoan horiz eta zuriz eta beste hainbat kolorez. Grisak datoz gero, gutxiengoan, eta marroiak berriro.
Haizeak ere artean parte hartzen du, eta hainbat hosto noraezean ibili ohi ditu. Gabonetako kontsumismoa ere ederki irudikatu dugu enborren magalean era zarpailean utzitako kartoi kaja ugariz.
Ez al da polita egunero horrelako arte dinamikoa komunitate bakoitzeko kideok elkarlanean sortzea? Etxeko, auzoko eta herriko komunitate desberdinek kaleak artez janztea?
Berriki Debagoieneko herri batzuek egindako galdeketetan aukera honi muzin egin diozue, eta kaleak edukinontzi handiz eta estatikoz beteko dituzue. Bizitzarik ez daukaten elementuz. Haritz, lizar, pago, intxaurrondo, gaztainondo, urki, astigar eta horrelakoen ordez insignisa landatuko duzue.
Oñatin, zorionez, herri biziaren beste erakusgarri bat daukagu atez arte.
Helburua bezain ederra baita bidea.
----------
Iñaki Idigoras
Oñati