Politikaz hitz egitean alderdiak datozkigu gogora. Zer dira hauek? Zein da "beren" proiektua? Nortzuk dira "beraiek"?
Zoritxarrez, daukagun sistemak ez du alderdi politikoez gaindiko beste partaidetzarik ahalbidetzen. Kooperatibetan, adibidez, zuzendaritzaren gainetik Kontseilu Errektorea dago, eta honen gainetik Langileen Batzarra. Mekanismoak badaude. Instituzioetan, herriak 4 urtetik behin dauka hitza, hauteskundeetan. Baldin eta gobernatzen dutenen jarrera irekiagoa ez bada.
Herritarren partaidetza politiko askoren ahoetan entzuten dugu. Kontua da, nola jasotzen dute herritarren beharren berri? Eskaerak luzatzeko bideak hotzak dira: zigilu batekin estanpatuak; erantzuna ere idatziz etorri ohi da bueltan. Eztabaidarako tarte gutxi.
Umiltasuna, esker oneko izatea, barkatzen jakitea, errespetua. Ni beharrean, gu. Entzuteaz gaindi, aditzea. Adorea, maitasuna, batasuna, pasioa, konpromisoa, konfiantza, partekatzea. Non daude baloreok?
Boto eske orain. Eta emango dugu. Bestelako aukera gutxi baitugu parte hartzeko. Nori? Kontzientziari entzun. Baloreak?
Partaidetza?
Krisitik ateratzen denak indartuta egin ohi du. Alderdi batek krisi latza izan du azken urteotan: barne gatazkak hasi, zatiketek xaxatu eta kanpo presioek eraginda. Jokalekutik kanpo atxikia. Indarberrituta orain, bidelagun berriekin, itxaropena sortuz. Lanerako irrikan, freskotasun eta sormenez blai, garai berri batera bidea egiteko gogoz. Aprobetxatu beharreko energia. Oñatin, partaidetza eta eztabaidarako aukera zabala eman dute programa osatzeko. Gure konfiantza osoa irabazi dute.
Galeanok jaso zuen utopiak zertarako balio duen? Bidea egiteko.
Helburuez gain, zein bide egin adostu behar dugu. Egunerokoa bidea egitea baita. Ekin diezaiogun elkarrekin, eta aniztasunean bada, hobe.
Ekinez egin eta eragin. Eta umorez bizi.
Iñaki Idigoras Igartuak, solaskide zenbaitzuekin partekatutako momentuen eraginez. Mila esker, zuoi.
---------------------------
Iñaki Idigoras Igartua
Oñati