"Sormen nazionala: auzolana"

Erabiltzailearen aurpegia Izaro Gorostidi 2011ko ira. 20a, 02:00

Charles Darwingek 1859an Espezien jatorriaz liburua plazaratu zuen, eta bere hain ezaguna den hautespen naturalaren teoria azaldu zuen.

Piotr Kropotkin zientzilariak, berriz, pentsalari anarkista moduan ezaguna dena, 1902. urtean Elkar laguntza: faktore bat Eboluzioan argitaratu zuen, eta Darwingen teoriari bestelako ikuspuntu bat gehitu zion.

Bai, halaxe da, espezieen elkarren arteko borroka bizi iraupenerako errealitate bat da, baina berak Siberian egindako ikerketetan joera ezberdin bat aurkitu zuen: elkarri laguntzea. Eta bere tesia argia zen: elkarri laguntzea garatzen zuten espezieek geroago eta garapen hobea lortzen zuten eta, aldiz, barne borroka garatzen zuten espezieek espeziearen gainbehera sortzen zuten.
Autore batzuek teoria hauek kontrastatzeko inguruneak modua determinatzen duela adierazten dute. Hots, Darwinek Galapago irletan egin zituen bere ikerketak, klima atsegin batean, hain zuzen, eta Kropotkinek, aldiz, Siberian, negu gorrian.

Hori dela eta, espezieen joera aldatzen da. Ingurune gogorretan elkarri laguntzeko joera agertzen da; ingurune atseginetan, aldiz, konpententzia.

Hemen eta orain, XXI.mendeko euskaldunok ingurune latza pairatzen ari garela esan dezakegu. Krisialdi ekonomiko sakona daukagu, gizarte eredua kolokan dago, balioen krisia, elikagaiak, klima…

Edozelan ere, askotan errepikatu bada ere, gogorarazi nahi dut txinatarrez krisia eta aukera esateko hitz berbera erabiltzen dela.
Zibilizazioaren krisi bat bizi izaten ari gara, baina, era berean, zibilizazio berri bat sortzeko aukera ere badaukagu. Gaur egungo krisialdi globalak erantzun integrala eskatzen digu. Hitz potoloak.

Eredu aldaketa bat behar dugu, mundu berri bat sortu behar dugu, baina nondik hasi? Ni? Gu? Nola eragin? Zer egin? Gure historiak badauzka horretarako giltza izan daitezkeen formulak. Auzolana eta batzarrea  gizarte tresna komunalak izan dira bestelako Euskal Herri bat egiteko. Adelaide Daraspe  ikelariak 2011/9/4ko 7Kan adierazten zuen moduan, XVII. mendeko bidairiek Euskal Herria definitzerakoan euskaldunen sosegua nabarmentzen zuten: anaitasuna, elkarri laguntzea, lan komunitarioa, horrek larritasuna kentzen zuela adieraziz.

Baina hori gaur egun nola lotu? Baditugu adibide garbiak. Gure gurasoek beraien haurrei bestelako hezkuntza eskaini nahi zieten eta auzolanean bestelako eredu bat sortu zuten: ikastolak, hain zuzen ere. Herri guztietan bizi eta gozatzen ditugun jai herrikoiak jai batzordeek sortzen dituzte, baldintza bakarra oinarritzat izanik: ospakizun herritarra,  gozamen komunala, hain justu ere.
Izan ere, gaur egungo kontsumo taldeak bestelako harreman merkantilista bat sortzen ari dira baserritarraren eta kontsumitzailearen artean.

Adibide mordoa ditugu gure herrian, anitzak eta pluralak, tokian tokikoak, herrialdeetakoak eta  nazionalak; bestelako erantzunak emateko garaian txapeldunak garelako. Horra hor Korrika, horra hor ikastolen jaiak, besteak beste. Auzolan egitasmoko kideek urtebete baino gehiago daramagu auzolanaren inguruko hausnarketak lantzen. Bestelako saiakera bat.

Hori guztiori sozializatzeko, hausnarketa kolektiboa egiteko, elkar ezagutzeko eta Euskal Herriko Auzolan sare nazionala sortzeko, Usurbilen irailaren 30an, urriaren 1ean eta 2an, Auzolan I. Topaketak antolatu ditugu. Bada, 500 petsonarentzako lekua dago, eta www.auzolan.info webgunean informazio osoa aurkitzeko aukera daukazue. Krisialdi garaiak erantzun berrien garaia eskatzen du, eta, bide batez, ardura berrien garaia.

Saiakera denona da, gure esku dagoelako, eta bakarrik gure esku, eraldaketa sozio politikoa. Nire aldaketak gure aldaketan eragiten duelako eta ondorioz ingurunearen aldaketan. Eta nia gu barik ezin da jokatu. Herri honetan hori oso argi daukagu.
Sormen nazionalaren garaia heldu da, ez dago eraikuntzarik lur emankor barik.

Ez dago aitaren etxerik amalurra bizirik gabe. Sortu dezagun bidea, aukera garaia heldu da eta.

-----------------------------

Izaro Gorostidi
(EHUko Politika eta Administrazio Zientziako irakaslea)
Algorta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak