Arbasoen oihartzun horren esanahia, jatorria eta beste hainbat alderdi arakatu eta aztertu zituen Ekain Martinez de Lizarduy irakasle aretxabaletartuak 2018an. Bildutakoaz baliatuta, Erraiak izeneko dokumental zoragarria egin zuen. Ekainek sortutako lan bikainaren ordainetan, 22 sari jaso ditu. Sari horietako bati esker, munduko 40 herrialdetako tokiko telebistetan eskainiko da.
Noiztik dugu irrintzia gure artean? Bizirik jarraitzen al du XXI. mendean? Hauek eta beste hainbat galderaren erantzuna bilatzen duen ariketa da Erraiak dokumentala. Euskal Herri osoan irrintziarekin zerikusi zuzena duten pertsonen testigantzak jasotzen ditu.
Irrintziaren soinu miresgarria mundu zabalera hedatu da. Besteak beste, Montevideo World Film Festival-en dokumental onenaren saria jaso zuen Erraiak-ek, eta Venezuelako Five Continents International Film Festival-eko sail ofizialean ere lehiatu zen. Europan eta AEBetan ere sariak jaso ditu; izan ere, dokumental onenaren saria jaso du Rome International Movie Awards festibalean eta Los Angeleseko Independent Documentary Film Festival The Legendary festibalean, baita ikusleen saria ere. Ez da huskeria, ezta?
Euskal Herrian, Ekainen dokumentalak herriz herri daramatza azken hiru urteak. Hamaika herritan ehunka irrintzilari ezagutzeko aukera eman du eta horiek guztiak saretu eta elkar ezagutzeko sare moduko bat osatu nahi da.
Erronka honetan, guztiok dugu lekua: irrintzilari iaioek, hasiberriek edo, ni bezalakoek, kotxean bakarrik goazenean saiakera bat edo beste egiten dugunok. Zer ekarria baldin baduzu, bota ezazu zeuk ere irrintzia helbide honetan: ekainmtzdelizarduy@gmail.com.
Aiaiaiaiaiai yijiji!!