Horretarako, baina, osagai bakarra baina ezinbestekoa falta da: borondatea.
Azken egunotan, deigarria egin zait katolizismo eta xiismo erlijioen buruzagi espiritualek –Francisco aita santua eta Ali Sistani aiatola handia, hurrenez hurren– ezohiko bilera egin berri dutela eta batera bizitzearen alde egiten dutela.
Bata goitik behera zuriz jantzita eta bestea, ordea, beltzez jantzita, horretan ere euren arteko desberdintasuna erakutsiz.
Baina komunikatzeko gogo, borondate eta beharrak bultzatuta, mahaiaren bueltan eserita, bata bestearen gainean ez dagoela erakutsi nahian. Baina askoz gertuagoko inguru eta kontuetara etorrita, bada deigarria egin zaidan beste kontu bat ere, gaia beste alor batera bideratu arren. Politikagintzaren oinarria elkarren arteko errespetua da, eta hori bakarrik uler daiteke komunikazio naturala eta normala praktikan jartzen bada. Horretarako, betiere, herritarren mesedetan, enpatia erakustea, erantzukizunez jokatzea eta elkarlanean jardutea dira politikagintzan diharduen bati –normalean, gobernuan ari dena– eskatu behar zaion gutxienekoa. Eta, zoritxarrez, aspaldion, hortik gutxi ikusi dugu hainbat erakundetako udal gobernuetan ari direnen aldetik, oposizioan dagoen/ dauden alderdi(ar)ekiko mespretxua erakutsiz.
Intolerantziak baztertu eta herritarrek merezi duten moduan jokatzeko unea da, elkarguneak bilatuz, nagusikeriak ahaztuz eta Euskal Herria denon ekarpenekin eraikiz.
Merezi dugu euskal herritarrok, ala zer?