Horren lekuko, hainbat musika-emanaldi eskaini ziren Debagoienean bertan. Izan ere, ukaezina musikak han eta hemen mundu guztiarengana heltzeko unibertsaltasuna duela. Norberak du musika estiloa eta generoa aukeratzeko askatasuna, adinaren, etxetik jasotakoaren, herriaren eta beste hamaika faktoreren arabera. Haurtzarotik daukagu lehen harremana musikarekin, batez ere kantuaren bitartez, sehaskatik hasita.
Letrak eta hitzak elkarri josiz, kantuan jarduten dugu, azkarrago, polikiago, altuago edo baxuago. Beste hainbatetan, ordea, hitzen ordez notak erabiltzen ditugu, bata bestearen ondoan jarriz, doinu edo melodia bat sortuz. Horretarako daude, besteak beste, gitarra, pianoa, biolina, trikitixa edo txistua. Horietatik, hainbat musika-tresna kanpotik ekarri eta gurean daude errotuta naturaltasunez, eta beste batzuk, ordea, euskal tradizioari daude aspaldi lotuak. Horien artean, oso geurea den txistua azpimarratu nahi dut. Azken urteotan txistuak bilakaera izan du Euskal Herrian barrena, eta hainbat esparrutan beste musika-tresnekin batera oholtzak partekatuz: abesbatzak, orkestrak…
Txistuak beste esparru horiek irabazi dituen bezalaxe, hurrengo erronka litzateke herrietan gaztetxoak txistura erakarri eta datozen belaunaldietarako harrobia sortzea. Horretarako, ez litzateke urrats makala izango gure eskoletako musikako klaseetan, euskal curriculuma sortzeko ahaleginak egiten ari garen garaian, txistuaren presentziaren inguruan hausnarketa egitea. Bien bitartean, xixilitarrok aurrera goaz. Bazatoz gurekin?